Aitor Arana: "Umeei zer irakurri nahi duten galdetu eta horretaz idazten dut"

Urola Kostako Hitza 2007ko urr. 13a, 17:10

Orain bi aste Baporea saria jaso du Hilezkorrak lanarekin

Udazken honetan, Afrikako semea eta Urtegi misteriotsua liburuak berriz argitaratuko dizkiote (Urola Kostako Hitza)

Liburutegian jarri du hitzordua Aitor Aranak (Legazpi, 1963). Legazpin jaioa den arren, OƱatin bizitakoa da, eta azken 8 urteetan Urrestilla izan du bizileku. Orain Loiolan bizi da. "Euskal idazleen artean, idaztetik bizi diren 10 idazleetatik bat neu naiz", dio. Idaztea eta literatura ditu ogibide eta zaletasun. Orain bi aste Baporea saria jaso zuten Hilezkorrak lanarekin. Udazken honetan, bi lan berriz argitaratuko dizkiote.

Baporea saria irabazi berria duzu.

Aurtengoa bitxia izan da, urtarrilaren hasieran etorri baitziren diptikoak lehiaketaren berri emanez, eta bost aste eskasetan egin behar ziren lanak. Gero udazkenean eman dute emaitza; bost edo sei hilabetean mahai baten gainean egon dira lanak, nonbait.

Zuk lehenagotik idatzita al zenuen?

Ez, zoritxarrez, aurten prestatu gabe neukan. Pena da, niri idatzi ondoren testua irakurtzea eta orraztea guztatzen baitzait.

Hilezkorrak lanean nahiko gai berezia hartzen duzu, hilezkortasunarena.

Hilezkortasunarena erabilita dago XIX. mendean. Gaiari egin diodan berrikuntza istorioan dago: gizakiak badaramatza jada bost mende hilezkor izaten eta, orduan, bost mende eta gero, nekatuta dagoe hilezkor izateaz, normala den bezala. Nik uste 300 urtez bizita, erotu egingo ginakeela. Orduan, hilkortasuna emango dien genea aurkitu nahi dute, eta gene hori Ameriketako indiar batzuek dute. Baina abentura liburua da, gaztetxoentzat idatzitakoa. Ez da saiakera serio bat.

Orain Afrikako semea eta Urtegi misteriotsua berriz argitaratuko dituzu Ibaizabalekin, ezta?

Bai, baliteke nik neuk jakin ez arren berriz argitaratzeko asmoa izatea. Afrikako semea liburu historiko bat da, oso-oso zaharra. Ia hogei urte izan arren, bizirik mantendu den liburu bat da. Urtegi misteriotsua ere bizirik dauden liburu horietako bat da. Eta giltza, 11-12 urteko neska-mutikoei liburu hau asko gustatzen zaiela da. Afrikako semea, berriz, 13-14 urte ingurukoentzat da, eta hauei ere asko gustatzen zaie. Horri esker, ikastetxeetan mugitzen da; eta ikastetxeetan ongi mugitzen den liburua, ondo saltzen da.

Ia genero gutiak landu dituzu: antzerkia, eleberria, saiakera... Poesiak ez al zaitu tentatzen?

Egia esango al dut? Ez da Fernandoren egia izango baina, hona. Niri poesia intimistaegia iruditzen zait; horren ondorioz, aspergarria, norberak egiten ez duen edo identifikatuta sentitzen ez denaren aldetik. Oso nekagarria eta oso aspergarria egiten zait, oso gutxi esan dit. Baina, aldi berean, oso zaila da sentimenduak eta pentsamenduak horrela egituratzea. Niri idazteko inoiz ez nau harrapatu poesiak, nerabezaroan bekatutxoren bat egin banuen ere.

Ikastetxez ikastetxe ibiltzen al zara?

Bai, Idazleak ikastetxeetan programaren bitartez. Hortik aparte, Ibaizabal argitaletxearen eta kultur etxeetako solasaldietan ere asko nabil. Ni idazle profesionala naiz. Baina idaztetik bizitzea oso zaila da, eta are zailagoa euskara bezalako hizkuntza txiki batean idatziz gero. Alde ikaragarria dago liburu bat euskaraz bakarrik argitaratu edota euskaraz eta gaztelaniaz argitaratu. Gaztelaniaz ere publikatzen dugunean salmentak laukoiztu edo bozkoiztu egiten dira, Espainian euskal idazleok idazle ezezagunak izanagatik ere.

Topaketetan parte hartzea aberasgarria izango da zuretzat.

Bai, noski. Hori da, bai irakurlearentzat, bai neuretzat. Ikastetxeak oso leku aproposak dira zure lanen inguruko iritziak jasotzeko. Eta, beste alde batetik, irakurle bakoitzak bere erara irudikatzen du istorioa eta batzuetan zer ikusi duten kontatzean harrituta geratzen zara. Zuk hori buruan ez zeneukan eta truke hori interesgarria, aberasgarria; eta, batez ere, osagarria da.

Hartu-eman horietatik zer jasotzen duzu?

Lehenengo eta behin, alaitasuna eta bizipoza. Umetan normala den bezala, familiako arazo larriren bat ez badaukagu, neska-mutikoak oso nortasun jatorrekoak izaten dira. Eta bizitzan, zenbat eta urte gehiago izan, zoritxarrez, seriotu egiten gara. Eta, alaitasun hori ikustea eta bizitzea asko gustatzen zait. Horretaz gain, beraiek kontatzen dizkidaten kontuak entzuten saiatzen naiz, neure burua adin horretan kokatzen. Beraiekin hitz egitea, azken finean: liburua gustatu al zaien; gustatu ez zaienean, zergatik ez zaien gustatu...

Gustu kontuan, mutilen eta nesken artean ba al da desberdintasunik?

Oso bitxia da, baina liburu batzuk gehiago gustatzen zaizkie neskei. Amodioaren gazi-gozoak nesken artean 'best-seller'-a da nire eleberrietan. Eta mutilei, berriz, ez zaie hainbeste gustatzen. Eta Afrikako semea, berriz, alderantziz. Hori hain markatua ez izatea gustatuko litzaidake.

Azkenaldian, batez ere haur eta gazte literaturan mugitu zara. Zure idatzien bidez irakaspen batzuk eman ditzakezula iruditzen al zaizu?

Bai, bizitza osoan literatura alor hori landu izan dut. Haur literaturan, 11 urtera arte, irakaspenak eman ditzakedala iruditzen zait. Nire ustez, haur literaturak pedagogikoa eta dibertigarria izan behar du. Hala ere, adin horretakoetan nik uste dut oraindik eragina izan dezakeela neurri batean.

Nondik jasotzen dituzu ideiak?

Txikia nintzenean, mutiko irudimentsua nintzen eta hori mantendu egin dut. Nik ikasleei galdetu egiten diet, ikastetxeetara joaten naizenetan, eta gaiak proposatzen dizkidate. Orain dela hiru urte mamuei buruzko liburu bat eskatu zidaten 9 urte inguruko neska-mutikoek eta Hilerriko mamuak idatzi nuen, oso ongi funtzionatzen duen liburua. Urtebete geroago, beste ikastetxe batean, zeri buruzko liburua irakurtzea gustatuko zitzaien galdetuta, "printzeseena" erantzun zidaten 8 urteko neska-mutikoek. Eta nik uste nuen printzesak hilda zeudela. Eta idatzi nuen eta oso ongi saltzen ari den liburua da. Nire ustez, zortea dut: niri adin horretan gustatzen zitzaidana ez dut ahaztu.

Argitaletxe askotan argitaratu izan dituzu zure liburuak.

Denetik idazten dut. Badaude argitaletxe batzuk sexu kontuak ia-ia argitaratuko ez dizkizutenak, oraindik ere. Orduan, joera zabalagoa duen beste bat bilatu behar duzu. Oraindik ere, Euskal Herrian argitaletxe gehienak apaizen eskuetan daude, esan ohi den bezala; SM edo Santa Maria, esaterako, fraideen esku dago.