Jokin Uranga aurrena izan da Ataungo saioan

Uztarria.eus 2007ko urr. 8a, 11:10

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako final-laurdenetarako sailkatu da, eta hilaren 27an ariko da hurrena, Zumaian

Beñat Lizasok eta Urko Egañak ez dute lortu aurrera egitea

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan aurrera egin du Jokin Urangak. Joan den larunbatean aurrena izan zen Ataunen eta final-laurdenetarako sailkatu da. 287,5 puntu lortu zituen Urangak eta bigarren geratu zen Iñigo Manzisidor Mantxi zarauztarra, 282,5 punturekin.

Ataungo Herri Antzokia jendez lepo egon zen saioak iraun zuen bitartean. Tartean ziren, Azpeitiko bertsozaleak Urangari oihu eginez. Hasieratik nabarmendu ziren Uranga eta Manzisidor. Ondo aritu zen Azpeitikoa zortziko handian eta bere ofizioa ere abileziaz erakutsi zuen. Hala, final-laurdenetarako sailkatzea lortu du Urangak.

Hilaren 27an, larunbata, lehiatuko da Zumaian Maria eta Jose ikastetxean. 17:00etan hasiko da saioa eta aurrez aurre izango ditu Ekaitz Goikoetxea, Aitor Sarriegi, Bixente Gorostidi, Uxue Alberdi eta Iker Zubeldia. Sailkapen fase honetan, Uxue Alberdi hernaniarrak lortu du puntuazio hoberena, 289,5. Uranga izan da bigarrena bi puntu gutxiagorekin.

Lizasok eta Egañak ez dute aurrera egin

Denera hiru azpeitiar bertsolarik hartu dute parte Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako sailkapen fasean. Urangaz aparte, Beñat Lizaso eta Urko Egaña ere aritu dira bertsotan, nor baino nor. Lizaso bigarrena izan zen Legazpiko saioan eta Urko Egaña, berriz, bosgarren sailkatu zen Zumarraga-Urretxun. Hala ere, ez dute lortu final-laurdenetarako sailkatzea.