Ertzaintzak kilo bat speed atzeman eta gizonezko bat atxilotu du Azpeitian

Uztarria 2007ko ira. 28a, 18:09

Drogak 18.000 euroko balioa hartuko zukeen merkatuan, ertzainen arabera

Azpeitiarra da atxilotua, eta hirugarren graduan zegoen preso, Martutenen

Ertzaintzak jakinarazi duenez, atzo (osteguna) "merkatuan 18.000 euroko balioa hartuko zukeen" kilo bat speed atzeman zuten Azpeitian. Auto istripua izan zuen gidari batek sasi artera bota zuen motxila batean aurkitu zuten droga, ertzainen arabera. Ondoren, gizonezko azpeitiar bat atxilotu zuen —gidari hura—.

Arratsaldeko zazpi eta erdi aldera hiru autoren artean istripua izan zen GI-631 errepidean, Loiola 91 eraikinaren parean, eta bi pertsona zauritu egin ziren. Zumarragako Ospitalera eraman zituzten.

Ertzainek esan dutenez, ibilgailu haietako gidari batek, istripua izan eta gero, autoko maletategia zabaldu eta motxila bat atera zuen bertatik, sasi artera botatzeko. Han aurkitu zuten droga.

Ondoren, Zumarragako Ospitalera abiatu ziren ertzainak, hara eraman baitzuten X.Z.B. zaurituta (azpeitiarra da, gizonezkoa), eta atxilotu egin zuten, bera delakoan speed kiloa zeramana. Atxilotuak polizia aurrekari ugari dituela dio Ertzaintzak, eta orain artean Donostian Martuteneko espetxean zegoen, hirugarren graduan.

Senda agiria jasotakoan, X.Z.B. ertzain etxe batera eraman dute, epailearen esku noiz utziko.