Sorospen ikastaroa hasiko da urrian DYAn

Urola Kostako Hitza 2007ko ira. 26a, 11:09

Hiru aste iraungo du ikastaroak eta ohiko arriskuen aurrean zer egin irakatsiko dute

Ikasle kopurua mugatua denez, lehenbailehen izena ematea komeni da (Urola Kostako Hitza)

Gipuzkoako DYAk Sorosle eta Sorospen ikastaroa antolatu du eta urrian egingo da. Ikastaroan, eguneroko bizitzan aurki daitezkeen arrisku egoerei erantzuten irakatsiko dute. Hala nola, bihotz eta birika susperketak egiten, hezur-hausteen, zaurien eta erreduren aurrean zer egin ikasiko dute bertako ikasleek.

Ikastaroa urriaren 10an hasi eta urriaren 30ean bukatuko da; hiru aste iraungo ditu, beraz. Eskolak astelehenetik ostiralera izango dira, 19:30etik 21:30era, Azpeitian DYAk duen ordezkaritzan.

Ikastaroan izena emateko ez dago zertan sorospen kontuak ezagutu. Ezagupenak arlo praktikoa eta teorikoa uztartuz lortuko dira.

Ikastaro amaieran landutako gaiei buruzko proba bat egingo da eta gainditzen duenak Sorosle Titulua lortuko du. Gainera, EHUko ikasleek bi kreditu ere lortuko dituzte proba gaindituz gero. Behin tutulua eskuan nahi duenak DYAn lagundu ahal izango du.

Izena 943 464622 telefono zenbakian eman behar da. Ikasle kopurua mugatua denez, lehenbailehen izena ematea komeni da. Ikastaroak 75 euro balio du.