Leire Ibarguren: "Adin eta era ezberdinetako emakumeen hartu-emana bultzatu nahi dugu"

Urola Kostako Hitza 2007ko ira. 26a, 11:09
Parekidetasun batzordeko burua da Leire Ibarguren.

Parekidetasun Batzordeak denbora gutxi badarama ere, etorkizunerako egitasmoak badituzte dagoeneko

Batzorde horretako burua da Leire Ibarguren (Urola Kostako Hitza)

Hiru hilabete daramatza Parekidetasun Batzordeak. EAEk, EAk eta EB-Aralarrek Udal Gobernua osatu zutenean sortu zen batzorde hau. Leire Ibarguren (Azpeitia, 1979) da Parekidetasuneko batzordeburua eta orain arte egin dutena, batzordeak izango dituen ardurak eta lau urte hauetarako egitasmoak azaldu ditu.

Zer moduz joan dira agintaldiko lehen asteak?

Batik bat, beste herrietako esperientziak ikusten jardun dugu. Arrasateko eta Hernaniko berri jaso dugu bereziki.

Emakumeen Mahaia izango duzue laguntzaile.

Gizarte Ongizate Sailak ematen zuen orain arte Emakumeen Mahaia. Bertatik irtengo dira parekidetasun batzordearen oinarriak eta aurrerantzean egiteko izango diren proposamenak, bai herrira begira bai Udalera begira.

Emakumeen Mahaia zer elkartek edo kidek osatzen dute?

Gai honen inguruan interesatuta dauden eta lan egonkor bat egiteko gogoa duen edozein emakumek osatzen du eta edozein emakumeri irekita dago mahai hau. Hori bai, emakume mahaiari aurten beste eragile batzuk ere gehituko zaizkio. Emakume taldeetako eta Bilgune Feministako partaideak bilduko zaizkie eta Gizarte-Ekintzatik antolatzen diren ikastaroetan parte hartzen duten eta ikastaroak ematen dituzten emakumeak ere batuko zaizkie. Bestalde, Gizarte Ekintzako teknikariek eta zinegotziok ere hartuko dugu parte.

Zeintzuk dira jarri dituzuen helburuak?

Batetik, herrira begirako hitzaldiak, ikastaroak eta kaleko ekintzak proposatuko ditugu. Bestetik, Udalera begira, Udaleko beste arlo guztietan eragitea da gure nahia. Beraz, kirolean, kulturan, ogasunean, hirigintzan, hezkuntzan.. parekidetasuna txertatzea da gure helburua.

Zuek, beraz, Gizarte Ekintza Sailari lan batzuk kenduko dizkiozue, ezta?

Egia esan, guk hartuko ditugun lan gehienak, lan berriak izango dira. Emakumeen Mahaia eta emakumeentzako ikastaroak izango dira orain arte Gizarte-Ekintzatik ematen ziren eta orain Parekidetasunetik emango diren ekimen eta elkarteak. Parekidetasun mahaiaren helburua, izan ere, egitasmo berriak alor berrietara hedatzea da.

Zein dira egitasmo berri horiek?

Egitasmo berri horietako batean, adin eta errealitate ezberdinetako emakumeen arteko komunikazioa bultzatu nahi dugu: gazteak, helduak, etorkinak... Baina, batez ere, beraientzako antolatzen diren ikastaroetan emakumeek protagonismoa hartzea nahi dugu, eta emakumeen egoera gizarte egitura baten ondorio dela erakustea. Hortaz kontziente izaten laguntzea ere nahi dugu.

Plangintzarik edo egutegi zehatzik zehaztu al duzue?

Gure batzordea oraintxe hasi da lanean eta aipatutako asmo guzti horiek oraindik ez daude zehaztutako plangintza batean. Orain dugun egitekorik garrantzitsuena Parekidetasunaren Plan Integrala diseinatzea da. Lehenik eta behin diagnostiko bat egingo dugu, eta behin diagnostiko hau egindakoan, Parekidetasunaren Plan Integrala diseinatuko da. Arlo bakoitzaren barruan hainbat ekimen proposatuko dugu, helburu desberdinekin, diagnostikoan agertutako beharrei erantzute aldera.

Eta prebentziora begira zer lan egingo duzue?

Oraingoz behintzat, tratu txarrak jasotzen dituzten emakumeentzako arreta gizarte zerbitzuetatik emango da. Baina egoera horretako emakumeak bildu nahi ditugu, beraien arteko komunikazioa indartzeko eta beraien arteko elkartasun lotura bat sortu dadin.

Eta gizonezkoei begira zerbait egingo al duzue?

Aurrera begira, gizonek ere parekidetasun arloan parte hartzea behar-beharrezkoa ikusten dugu. Izan ere, parekidetasun eza emakumeek zein gizonek sufritzen duten gauza bat da.Gainera, beste herrietan eta badira esperientziak non gizonak elkartzen diren eta beraiei gizarte honek ezarri dizkien rolen inguruan-eta hitz egiten duten. Beraz, aurrera begira horrelako egitasmoak antolatzeko asmoa badugu.

Eta hezkuntzari begira, zerbait egiteko asmorik bai?

Bai, ikusi dugu Arrasaten Urtxintxa elkartearekin elkarlanean egin duten plana. Horrelakoren bat egitea ongi ikusten dugu, hezkuntzan arazo asko konpondu daitezke-eta.