Eguraldia dela-eta, %16 jaitsi da igerileku irekiko erabilera

Urola Kostako Hitza 2007ko ira. 21a, 10:09
Igerilekura Andoaingo, Lekeitiko eta Orioko haur taldeak ere etorri dira.

Guztira, 34.910 sartu-irten izan dira aurtengo udan: 28.977, % 83, Kirol Patronatuko txartelarekin eta 5.933, %17, sarrera ordainduz

Urrian capoeira, adinekoentzat gimnasia eta areto dantza ikastaroak hasiko dira (Urola Kostako Hitza)

Kirol Patronatuak jakinarazi duenez, igerileku irekira iaz baino %16 sartu-irten gutxiago egin dira, eguraldia dela eta. Ekainaren 9tik irailaren 16ra bitartean jasotako datuak dira.

Guztira, 34.910 sartu-irten izan dira aurtengo udan: 28.977, % 83, Kirol Patronatuko txartelarekin egin dira, eta 5.933, %17, sarrera ordainduz egindakoak izan dira. Beraz, 2001etik eta 2002tik ez zuen igerilekuak horren sartu-irten gutxi izaten.

Eguraldi hona egin duenetan, 100 egunetik 28tan, ordea, sartu-irten asko izan dira. 1.000 sartu-irten baino gehiago izan diren hamar egun ere izan dira.

Era honetan, Kirol Patronatuko ordezkariek eta Udaleko Kirol Saileko ordezkariek azpiegitura gastuak beste urteetako berdinak izan direla jakinarazi dute, langileak beti han egoten baitira, uda ona izan edo ez. Beraz, diru sarrerak jaitsi direnez, diru laguntzen bidez berdinduko da aurtengo galera.

Kirol Patronatuak diru laguntzen mendean ez egoteko irtenbidea bazkideak lortzea dela esan zuen, eguraldi ona egitea ez baitago inoren esku.

Urriko ekitaldiak

Bestalde, irailean hasitako kirol ekitaldiei, areto dantzak, adinduentzako gimnasia eta capoiera ikastaroa gehituko zaizkie urrian.

Adinekoentzako gimnasiak eta areto dantzek urritik ekainera iraungo dute. Capoiera ikastaroa, berriz, abendura bitartean astean behin izango da: larunbatetan 10:30etik 12:30era, igerilekuan. Gero, ordea, Capoiera emateko beste areto bat lortzen bada, astean bitan izango da. Izan ere, institutuko soinketa gela lortu nahian dabiltza.

Adinekoentzako gimnasia astelehenetan eta asteazkenetan 16:30ean izango da, igerilekuan. Areto dantzak larunbatetan izango dira igerilekuan; hasiberrientzat 16:00etatik 17:50era, eta 17:50etik 19:40era gainerakoentzat.

Ikastaro hauetan parte hartu nahi dutenez, igerilekuko eta kiroldegiko harrera guneetan eman behar dute izena; 15:00etatik 21:00etara egongo da aukera bi kirolguneetan.