Herriko hamasei dendari izango dira Erdi Aroko azokan

Uztarria.eus 2007ko ira. 19a, 16:09
Mikel Ibartzabal Erdi Aroko azokaren murala eskuartean duela, gaur, asteazkena, udaletxean.

Gaur, asteazkena, aurkeztu dute hilaren 29 eta 30ean egingo den Erdi Aroko azoka

"Herriko dendari eta artisauak bultzatzea" izan da aurtengo azokaren helburu nagusia

Gaur (irailak 19, asteazkena) aurkeztu dute hilaren azken asteburuan egingo den Erdi Aroko azoka Azpeitiko udaletxean. Aurtengo azoka, beste urteetakoen antzekoa izango bada ere, berrikuntzak ditu. Izan ere, herriko hamasei dendarik postua jarriko dute kalean eta atzera gelditutako arropa, pitxi edota oinetakoak saltzeko aukera izango dute.

"Herriko dendari eta artisauak bultzatzea izan da aurtengo azokaren helburu nagusia" azaldu du Mikel Ibartzabal Udaleko zinegotzi eta Festetako batzordeburuak. "Herriko dendariei azokan postuak jartzeko eskaintza luzatu genien eta jaso dugun erantzuna oso ona izan da". Dendariak eurak ere “oso ilusionatuta” daudela gaineratu du Ibartzabalek. Dendariez aparte, herriko tailugileak ere lanean ariko dira azokan eta aurreko urteetan bezala, garbitokian ere hainbat emakume ariko dira arropa eta bestelakoak garbitzen. Aurten, gainera, emakume gehiagok parte hartuko dutela jakinarazi du Ibartzabalek eta dagoeneko saio berri bat prestatzen hasiak direla. Ikasberriko guraso taldeak ere ohi bezala taloekin postua jarriko du.

Azoka irekita dagoen bitartean kaleak girotzen herriko hainbat talde ibiliko da: Itsasi dantza taldea, ttuntturroak, Juan Antxieta Musika Eskola, Metal Boskotea eta Udal Musika Banda.

Horiez gain, era askotako postuak izango dira aurten ere: pitxiak, txokolatea, larrua, ogia, ukenduak, buztingintza, grabaketa, eztia, otarrak, xaboiak eta beste hainbat postu jarriko dituzte.

Izen emateko azken eguna bihar

Postua jarri nahi dutenek bihar arteko epea izango dute izena emateko. Horretarako 943 15 70 68 zenbakira deitu beharko dute.

Hilaren azken asteburuan eguerdiko hamabietan irekiko dituzte postuak eta 14:00ak arte egongo dira zabalik goiz partean. Ondoren, 17:00etan zabaldu eta 20:00etan itxiko dituzte.