Helduentzako Eskola irekiko da Azpeitian

Urola Kostako Hitza 2007ko ira. 17a, 11:09
Pello Iruretagoienak eta Xanet Esnaolak Perretxikuan aurkeztu zituzten helduentzako eskolak.

Irailaren 21a arte eman daiteke izena HEPek eskualdean dituen egoitzetan

.18 urtetik gorako edozeinek eman dezake izena (Urola Kostako Hitza)

Helduen Eskola Publikoko ikastegi bat zabalduko dute Jose Artetxe 2an, Perretxikoan, 2007-2008 ikasturtean. Ostiralean, hilak 15, eman zuten Helduen Eskola Publikoko irakasle Pello Iruretagoienak eta Xanet Esnaola alkateordeak Azpeitiko Udalak eta Urola Kostako Helduen Eskola Publikoak lortutako akordioaren berri.

Era honetan, Azpeitian eskainiko dira ikasturte honetan hastapeneko ikasketa programa, euskarazko eta gaztelaniazko alfabetatzea eta oinarrizko ezagupenak biltzen dituena. Bigarren Hezkuntzako titulua lortzeko ikastaroak ere eskainiko dira .

Bai Iruretagoienak bai Esnaolak, eskola honek herrian sustraiak botatzeko eta datozen ikasturteetan eskaintza zabaltzeko asmoa adierazi dute. Hala, oraingoz hastapeneko ikasketa programa eta bigarren hezkuntzako titulua bakarrik eskainiko badituzte ere, datozen urteetan hizkuntza programak, unibertsitaterako sarrera froga prestaketa eta goi mailako zikloetarako froga prestaketa emateko asmoa dute.

Dohainik izango da

Helduentzako Eskola Publikoko edozein ikastaro doakoa izango da; hala, ikasleek ez dute matrikularik edota hileroko kuotarik ordaindu beharko. Ikas materiala ordaintzeko diru kopuru sinbolikoa bakarrik jarri beharko dute.

Zumaiako, Zarauzko, Azkoitiko eta Azpeitiko Helduentzako Eskola Publikoan 18 urtetik gorako edozeinek eman dezake izena.

Izena emateko epea zabalik dago irailaren 21a arte eta nahikoa da nortasun agiria ematea. Izena emateko, Azpeitian 09:30etik 13:30era joan daiteke Perretxikora, edota 943 812203 telefono zenbakira deitu behar da; Azkoitian Aizkibel 14.era edota 943 850399 telefono zenbakira jo behar da; Zumaian Txomin Agirre 3.era edo 943 143127ra; eta Zarautzen Aldapetara edo 943 130313ra.