Lapatxek ez du onartuko San Markosko zaborra, erraustegirik ezean

Uztarria.com 2007ko ira. 12a, 20:09

San Markosko zuzendaritza berriaren jarrerak "ondorioak" izango dituela iragarri du Urola Erdia Mankomunitateak, Sasieta eta Urola Kostarekin batera

"Azkenean erraustegirik ez badago, batetik besterako hondakin garraio solidariorik ere ez da egongo", dio Eizmendi jarduneko lehendakariak

Lapatx Azpeitiko zabortegian San Markosko hondakinak jasotzen dituzte aurtendik, baina noiz arte? Julian Eizmendi Urola Erdia Mankomunitateko jarduneko lehendakariak gutuna idatzi dio San Markosko presidenteari, eta esan dio erraustegi plantarik ezean, ez dutela hango zaborrik onartuko. Sasieta eta Urola Kosta mankomunitateetako buruekin batera eman dio horren berri Eizmendik.

Lehengo astean zuzendaritza aldaketa gertatu zen San Markosko Mankomunitatean, EBren eta EAE-ANVren akordioari esker, biek agintzen dute orain, eta errausketa ez den beste tratamendu batzuk erabiliko dituen "alderantzizko eredua" bultzatzeko asmoa azaldu zuten. Jarrera hori "errespetatu” egiten dutela diote Sasietak, Urola Erdiak eta Urola Kostak, “hori bai, asmo horiek dituzten ondorio guztiekin”. Hau da, San Markosko hondakinak ez onartuta euren zabortegietan (Beasainen, Azpeitian eta Zarautzen, hurrenez hurren).

"San Markosek 2006ko azaroaren 16an Sasieta, Urola Erdia eta Urola Kostako mankomunitateei ‘solidaritatea’ eskatu zien, ‘era bateratuan eta elkarrekin proiektu bat aurrera eramateko’, proiektu horren ardatza erraustegia izanik. Idatzi hartan Beasain, Azpeitia eta Zarauzko zabortegietan ‘aldi baterako’ zaborrak jasotzea eskatzen zitzaigun, aipatutako erraustegia martxan jarri bitartean”, dio Eizmendiren-eta gutunak.

Gipuzkoako hondakinen mankomunitateek, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Donostiako Udalak hitzarmena egina dutela gogoratu dute hirurek eskutitzean, “San Markosko zabortegia poliki-poliki ixten joateko, han bota ohi diren hiri hondakinak pixkanaka Sasieta, Lapatx eta Urteta (Zarautz) zabortegietara eramateko (2007ko martxoaren 23an hasi ginen), eta Donostiako udal mugapean erraustegi bat eraikitzeko (San Markosko zabortegia bera eta 2009ko uztailerako beteta geratuko liratekeen beste hirurak ordezkatu eta txanda emateko)".

San Markosko zuzendaritza berriak erraustegiaren inguruan daukan jarrerak gauzak aldatu egin dituela onartu dute. “Azkenean erraustegirik ez badugu egin behar, batetik besterako hondakin garraio solidariorik ere ez da egongo, solidariatea, egotekotan, ez delako alde batekoa bakarrik, bi aldeena baizik". San Markosek modu ofizialean erraustegi planta berresten edo baztertzen duen jakin nahi dutela diote.