Hiru azpeitiar izango dira Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan

Uztarria.eus 2007ko ira. 12a, 12:09
Beñat Lizaso, Urko Egaña eta Jokin Uranga txapelketako argazki ofizialean.

Beñat Lizasok, Urko Egañak eta Jokin Urangak parte hartuko dute

Hilaren 22an hasiko da bertso lehiaketa

G puntua. Lelo horrekin abiatuko da irailaren 22an, larunbata, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa. Denera 79 bertsolarik hartuko dute parte. Horien artean hiru azpeitiarrek: Urko Egaña, Jokin Uranga eta Beñat Lizasok.

Hiru hilabetean badute non gozatua bertsozaleek. Izan ere, larunbatean zortzi hasi eta abenduaren erdira arte iraungo du bertso lehiaketak. Abenduaren 16an jokatuko dute finala Donostiako Ilunbe zezen-plazan.

Lehenengo eta behin, hala ere, sailkapen faseei aurre egin beharko diete bertsolariek. Hiru azpeitiarren aurreneko saioak honakoak izango dira hurrenez hurren: Beñat Lizasok kantatuko du aurrena, Legazpin izango da hilaren 22an arratsaldeko seietan hasita. Urko Egaña izango da hurrena; irailaren 29an Urretxu-Zumarragan ariko da, 18:00etan hori ere. Azkenik, Jokin Urangak urriaren 6an, 18:00etan, Ataunen egin beharko dio aurre lehen sailkapen faseari.

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren inguruko informazioa jarraitzeko webgunea sortu dute: www.gpuntua.com du helbide guneak eta saioak, sailkapenak, ariketak, bertsolarien datuak… eta beste hainbat jakingarri erakusten ditu. Webguenaren aurkezpenean dioten moduan, "aurrekoak aurrez-aurre jardun zuten moduan, oraingoan parekoak parez-pare" ariko dira oreka nork puskatuko.