Goenaga: "Umeak eta aiton-amonak margotzea gustatzen zait, benetakoagoak direlako"

Urola Kostako Hitza 2007ko ira. 12a, 11:09
Oihana Goenaga bere margolanetako bat atzean duela.

Larunbatean bere margolanen erakusketa irekiko du Oihana Goenaga azpeitiarrak

Udaletxe azpian egongo da ikusgai, irailaren 15etik 30era bitartean (Urola Kostako Hitza)

Oihana Goenagak (Azpeitia, 1986) bere pinturak erakutsiko ditu udaletxe azpian irailaren 15etik 30era bitartean. Arte Ederrak ikasten ari den neska honek, gaztea izan arren, asko adierazten du margolanen bidez. Bere jaiotetxe eta tailerrean, Arbe baserrian, erakusketaz eta bere ibilbideaz solasean aritu da.

Arte Ederrak ikasten ari zara, zein izan da orain arteko zure ibilbidea?

Betidanik izan dut gustuko margotzea eta marraztea. Eta hazi ahala irakasleek bultzatu naute marraztera eta margotzera. 16 urterekin batxilergo artistikoa egiten hasi nintzen Donostian eta orain Leioan ari naiz; Arte Ederretako hirugarren maila hasi behar dut. Duela bi urte Zapo Txokoko gazte asteko kartel lehiaketa irabazi nuen. Baina, bestela, umetan ez naiz inoiz marrazkigintza-eta ikastera inongo akademiatara joan.

Nolatan sortu zaizu erakusketa hau jartzeko aukera?

Dezente margotzen dut eta nola margolanak banituen, irakasleek eta animatuta, bada, Azpeitiko Udaleko Kultura Sailera jo nuen, erakusketa bat jarri ahal nezakeen eskatzera. Ez didate inongo eragozpenik jarri.

Erakusketak ba al du izenik? Beste inon jarri al duzu erakusketarik?

Ez, nire lehen erakusketa da eta izenik ez diot jarri.

Zein gai jorratzen dituzu?

Bada, une honetan, familia giroa lantzen dut, baita baserriko bizimodua ere. Eta, batez ere, umeak eta aiton-amonak margotzea gustatzen zait. Beti ere, helduak ez bezala, benetakoagoak dira; sentimenduak errazago adierazten dituzte eta. Beraz, batez ere, pertsonak margotzen ditut. Hori bai, multzoka marrazten ditut, zereginetan ari diren bitartean.

Zein teknika erabiltzen duzu?

Olio pintura erabiltzen dut, batik bat. Akrilikoz margotutako batzuk ere badaude, baina erakusketara olioz margotutakoak eramango ditut. Gainera, gehienak tamaina handikoak direnez, olioarekin moldatzen naiz ondoen. Mihise gainean margotu ohi ditut.

Margolanak egin aurretik argazkiak ateratzen al dituzu?

Bai, argazkietatik landu ohi dut. Argazki batzuk ateratzen ditut, handik eta hemendik, eta gero konposatu edota batu bezala egiten ditut. Argazki batetik gauza bat hartuko dut, bestetik beste gauzatxo bat; komeni zaidan bezala, unean unekoa.

Oraindik ikaslea zara, baina artea bizibide bezala ikusten al duzu?

Badakit zaila dela, baina ahal bada saiatuko naiz hortik bizitzen. Mundu horretan sartuta egoteko asmoa dut behintzat; nire gustuko arloan ez bada ere, irakasle edo ilustratzaile izateko asmoa dut.

Eta zergatik pintura eta ez beste adierazpide bat?

Argazkigintza ere gustatzen zait, baina pinturan zeuk nahi duzuna margotzen duzun bitartean, argazkigintzan, berriz, dagoena hartzen duzu, alde batetik edo bestetik izan. Pinturarekin dena zeuk nahi bezala esaten duzu eta argazkiekin ezin da.

Beraz, pinturan espezializatuko al zara?

Bai, baina beste gauzak ere baztertu gabe. Izan ere, azken batean, arlo denek bat egiten dute.

Erakusketan margolanak erosi ahalko al dira?

Bai, erosi nahi duenak esatea besterik ez du.