Azpeitiko bederatzi bikote izan dira Zarauzko dantzari txapelketan

Uztarria.eus 2007ko ira. 10a, 15:09

Joan den larunbatean jokatu zuten txapelketa Zarauzko Musika Plazan

Hirugarren sailkatu ziren lehenengo azpeitiarrak

Joan den larunbatean jokatu zuten Zarauzko Musika Plazan bikote gazteen dantzari txapelketa. Hamalau bikotek parte hartu zuten txapelketan denera. Bergara, Lazkao, Donostia, Orio, Lezo, Pasaia eta Zaldibiatik joandakoek osatu zituzten bost bikote. Gainerako guztiak Azpeitikoak ziren: bederatzi. Ezin esan Azpeitian dantza soltea sasoian ez dagoenik. Luis Alberdi Beltza-ren eskolakoak dira guztiak eta maisua ere gustura agertu da azpeitiarrek Zarautzen emandako presentziarekin. "Oso gustura gelditu naiz taldearekin, dantzan oso ondo egin dute guztiek", dio Alberdik.

Txapelketako onena Estela Atorrasagastik (Orio) eta Mikel Otaegik (Donostia) osatutako bikotea izan da epaileen ustez. Bigarren, Aritz Arrillaga-Amaia Bolinaga Bergarako bikotea sailkatu ziren. Hirugarren sailkatu zen lehenengo azpeitiar bikotea; hamalau eta hamabost urteko Iñigo Larrañaga eta Nagore Larrañagak lortu zuten hirugarren postua. Txapelketako bikoterik gazteena Azpeitikoa izan da; zortzi eta bederatzi urteko Ane Gurrutxaga eta Xanti Agirrezabalak osatutakoa.

Nagusien artean azpeitiarrak bigarren

Bikote gazteen txapelketaren aurreko egunean jokatu zuten nagusien txapelketa Arraten. Bertan, Azpeitiko Ion eta Estibalitzek osatutako bikote gazteak eman zuen ezustekoa. Aurreneko postuan gelditu ziren Azkoitiko Aizpitarte anai-arrebak eta bigarrena izan zen Azpeitiko bikotea. "Ez genuen espero, eta ezusteko ederra izan zen", azaldu du Alberdik.

Datorren larunbatean dute hurrengo hitzordua dantzariek. Oraingoan Lezora joango dira. Larunbatean Lezoko herriko plazan egin beharko dute dantzan. 17:00etan hasiko da lehiaketa.