Merkatariek %20ko laguntza jasoko dute berrikuntzengatik

Urola Kostako Hitza 2007ko ira. 10a, 11:09
Diru laguntza hau merkatari txikiei zuzendua dago, batez ere.

Diru laguntza jasotzeko urriaren 3a baino lehen aurkeztu behar dira ordainagiriak

Azpeitiko merkatariek Iraurgi Lantzen Garapen Agentziara zuzendu beharko dute (Urola Kostako Hitza)

2006ko urritik 2007ko urrira bitartean euren dendak berritzen 600 eurotik gora gastatu dituzten merkatari txikiei gastuen %20ko (BEZa kontuan hartu gabe) diru laguntza emango zaie, Merkataritzarako Laguntza Teknikorako Bulegoak jakinarazi duenez.

Diru laguntza hauek Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Sailak ahalbidetzen ditu eta UGGASA garapen agentziak eskualde bakoitzean daukan Merkataritzarako Laguntza Teknikorako Bulegoak koordinatzen ditu.

Diru laguntzak teknologia berriak, segurtasun neurriak eta elikagaiak mantentzeko eta etiketatzeko tresnak berritu edota erosi dituztenei zuzenduta daude.

Honela, teknologia berrietan, aplikazio informatiko generikoak eta estandarrak berritu dituztenei eta PCak, ordenagailu eramangarriak, eskanerrak erosi dituztenei, 600 euro (BEZ kontuan hartu gabe) baino gehiago inbertitu badute, %20a ordainduko zaie. Horretarako, ordea, eskaera egin behar da, lehenengo eta behin.

Kutxa erregistratzaileak, kode-irakurgailuak, elikagaiak kontserbatzeko eta etiketatzeko tresneria edota salgaiak pisatzeko tresneria erosi edota berritu dutenek ere jasoko dute diru laguntza.

Segurtasun neurrietan edota lanaren mekanizazioan inbertitu dutenei ere zuzentzen zaie laguntza hau. Urritik aurrera beren dendetan hemen aipatutako berrikuntzak egiteko asmoa dutenek datorren urteko urrian eskatu beharko dute diru laguntza.

Baldintzak

Diru laguntza hauek merkatari txikiei zuzenduta daude. Merkatariek, gastuen ordainagiriaz gain, dendaren eta dendaren jabearen datuak ere aurkeztu behar dituzte diru laguntza hauek eskatzerakoan. Gainera, berrikuntzak egin eta gero aurkeztu behar dira ordainagiriak, eta ez aurretik.

Bestalde, produktuak eta tresneria dendetan bertan erabiltzen direla ziurtatzeko, Eusko Jaurlaritzako ikuskatzaile bat ibiltzen da urtean zehar. Honela, iruzur eginez gero, ikuskatzaileak isunak jar ditzake.

Eskaerak non egin

Eskaerak gertueneko Merkataritzarako Laguntza Teknikorako Bulegoan edota Garapen Agentzian egin behar dira.

Azkoitiko, Azpeitiko, Zestoako eta Errezilgo merkatarien kasuan, Iraurgi Lantzen Garapen Agentziara zuzendu beharko dituzte euren eskaerak. Bai Azkoitiko Insausti jauregira joanda, bai www.iraurgilantzen.net webgunearen bidez, bai 943 851100 telefono zenbakira deituta.

Zarauzko, Getariako, Orioko, Aiako, Aizarnazabalgo eta Zumaiako merkatariek, berriz, Zarauzko Merkataritzarako Laguntza Teknikorako Bulegora jo beharko dute eskaerak egitera. Bai bulegora bertara joanez, bai gatc helbidera mezu bat bidaliz bai 943 830990 zenbakira deituz.

Eskabideak betetzeko, komeni da aurreragotik aurkeztu beharreko dokumentu guztiak zeintzuk diren jakitea, informazioa telefonoz edota posta elektronikoz eskatuta. Diru laguntza hau jasotzeko behar-beharrezkoa da ordainagiriak aurkeztea.