Gabonetan joango da Sammic Azkoitira

Uztarria.eus 2007ko ira. 6a, 12:09

Abuztuan ziren joatekoak, baina lanak luzatu egin zaizkie eta abenduan joango dira

Basarteko industrialdean lantokia ia bukatuta dute

Hasiera batean toki aldaketa abuztuan egitea aurreikusten bazuten ere, gabonetan joango da Sammic enpresa Azpeititik Azkoitira. Basarte industrialdean eraiki dute egoitza berria eta lantokia ia bukatuta dute. Oraingoz, lantoki berria biltegi gisa darabilte, leku aldaketa bukatu arte.

Azpeitian Landeta auzoan du Sammicek egoitza. Baina "lantokia errepidearen bi aldeetan banatuta dugu, horrek dakartzan arrisku eta zailtasunekin", azaldu zuen Xabier Goenaga Sammiceko kudeatzaileak Uztarria herri aldizkariari urtarrilean egindako adierazpenetan, eta hori izan da toki aldaketa egiteko argudio nagusietakoa. Azkoitian gabezia horiei irtenbidea emateko modua ikusi zuten. Izan ere, gabonetatik aurrera langile guztiak Azkoitian hasiko dira lanean, denak lantoki berean.

Sammicen kasua ez da izan herrian gertatutako bakarra, hala ere. Zubiola kooperatibak ere herritik alde egin beharra izan zuen, Azpeitian "lur egokirik ez" zuela aurkitzen argudiatuta; urte honen hasieran hasi ziren Azkoitian Juin Txiki industrigunean lanean. Uztarria herri aldizkariak urtarrileko zenbakian zekarren gertaera horien inguruko erreportajea.