Igandean bukatuko dira udako mendi ibilaldi gidatuak

Urola Kostako Hitza 2007ko ira. 5a, 14:09
Aittolako zelaetan bazkaltzen dute mendi ibilaldietara inguratzen direnek.

Igandean 09:00etan abiatuko da mendi ibilaldia

Loiolako turismo bulegotik irten eta 8 orduan, Izarraitz zeharkatuz, Zestoara helduko dira (Urola Kostako Hitza)

Igande honetan, irailak 9, bukatuko dira Loiolako turismo bulegotik antolatu diren mendi ibilaldi gidatuak. Uztailaren 22an egin zen lehen mendi ibilaldi gidatua eta laugarren honekin amaituko dira Iraurgi Lantzenek anntolatu eta Pello Aranbarrik gidaturiko mendi ibilaldiak.

Igandean 09:00etan abiatuko dira mendi ibilaldia egitera Loiolako turismo bulegotik eta 8 orduan Izarraitz zeharkatuz Zestoara helduko dira. 14 kilometroko ibilbidean, ordea, hartuko dute hamaiketakoa eta bazkaria egiteko tartea ere. 17:00etan iritsiko dira Zestoara eta parean autobusik ez bada, zerbait hartzeko edota herria ezagutzeko tartea hartuko dute.

Orain arteko ibilaldiak

Orain arte egin diren hiru ibilaldietan, bertako jendea bildu dela batez ere azaldu zuen Pello Aranbarrik: "bergararrak, bi azkoitiar, bi azpeitiar, donostiarrak, gasteiztarrak eta katalanak ibili dira, batez ere; abuztuko ibilaldi batean 81 urteko emakume bat ere izan zen". Ibilbidea, berriz, bi ibilaldietan gidan zehaztutakoa izan bada ere abuztuaren 19ko mendi ibilaldian, aldiz, laburragoa izan zela adierazi zuen Aranbarrik. Izan ere, "eguraldi txarra zela eta ezinezkoa zen 8 orduko ibilaldia euripean egitea", eta horregatik, Loiolatik Azkoitia aldera hartu beharrean, Haitz Bakar aldera hartu eta zuzenean Zestoara jaitsi zirela azaldu zuen Aranbarrik.

Aranbarrik jendeari ibilaldia gustatzen zaiola zehaztu zuen. Izan ere, Izarraitzek mendikate altua izan gabe eta ibilbide honek tontorrik eduki gabe aukera ugari ematen dituzte. Garai bateko gurdi bideak eta baserri arteko bideak erabiltzen dira ibilaldi honetan Izarraitz zeharkatzeko Iaz baino jende gehiagok egin duela ibilaldia ere esan du Aranbarrik eta iaz ez bezala uda osoan ibilaldi finko bat edukitzeak eragin zezakeela hori uste du.

Udazkenerako ere, ibilaldi gidatuak prestatzekotan dabilela azaldu du Aranbarrik, oraindik babesleekin eta ezer adostu ez badu ere. Beste ibilbide batzuk izango lituzkete ibilaldi hauek.

Mendi ibilaldia

Orokorrean egiten den ibilbidea honakoa da, eguraldiaren arabera alda badaiteke ere:

  • 09:00. Irteera Loiolako turismo bulegotik.
  • 11:30. Hamaiketakoa Aritzagan, Olatz, Goiko Saletxe, Pikua eta Goiko Etxetik pasatu ondoren.
  • 13:00. Bazkaria Aittolako gainean, Aritzagatik Mari Kutxako potzura igaro ondoren.
  • 17:00. Zestoara autobusa hartzera. Aittolatik beherakoan, Goltzibartik eta Ekaingo erreplika paretik pasatu ostean.