Kataluniako bisitariak izan dira batez ere uda honetan Azpeitian

Uztarria.eus 2007ko ira. 3a, 15:09
Loiola da bisitarien interesgune nagusia, Trenaren euskal museoarekin batera.

Uztailean 1.979 bisitari izan ziren Loiolako bisitarien zentroan; abuztuan, berriz, 3.770

Frantziatik, Madriletik, Ingalaterratik, Irlandatik eta Eskoziatik ere etorri dira Azpeitira

Udako partean hartzen ditugu gehienok oporrak. Udako bero eta eguzkiak lagunduta batera eta bestera ibili ohi da jendea, bazterrak ikusiz. Azpeitian ere izan dira bisitariak. Gehienak Kataluniatik etorri direla aitortu dute Loiolako bisitarien zentroan lan egiten duten Olatz Arrieta eta Ainhoa Ostolaza azpeitiarrek. Kataluniarrez gain, uztailean Bizkaiatik, Gipuzkoatik eta Nafarroatik ere jende ugari etorri dela azaldu dute. Baita Madril, Ingalaterra, Irlanda eta Eskoziatik ere. Denera, 1.979 pertsonek bisitatu dute Loiolako bisitarien zentroa uztailean zehar. Abuztuan, berriz, bisitarien kopurua ia bikoiztu egin da: 3.770 bisitari izan dira Loiolan eta gehienbat Katalunia, Valentzia, Gipuzkoa, Madril, Bizkaia, Andaluzia, Frantzia, Italia eta Portugaldik etorri dira. Bisitarien zentroak duen ikus-entzunezkoetan, berriz, 427 pertsona izan dira uztailean eta 1330 abuztuan. Arrieta eta Ostolazak jakinarazi dute balorazioak irailaren bukaeran egingo dituztela, irailean ere jendea espero baitute.

Bisitarien Zentroko langileek azaldu dutenaren arabera, Loiola da bisitarien interesgune nagusia. "Loiolaz aurrez entzuna dutelako etorri ohi dira berau ezagutzera. Gero ordea, inguruaz galdetu ohi dute". Arrieta eta Ostolazaren arabera, Trenaren Euskal Museoa da Loiolarekin batera toki bisitatuenetakoa. Bestalde, "Azkoitia eta Azpeitia herrien inguruko informazioa, Inaziotar Lurraldearen baitako Hiru Tenpluen Ibilbideaz edota Urolako bide berdeen inguruko informazioa eskatu digute bisitariek batez ere", azaldu dute.

Informazio Bulegoan ere bisitari ugari

Herrira etorritako bisitariei Azpeitiaren eta inguruaren berri emateko beste gune bat ere izan da Azpeitian. Abuztuaren 2an zabaldu zuten Informazio Bulegoa Plaza Txikian eta joan den igandean itxi zuten. Denera 246 bisitari izan dira bulegoan; hemen ere gehienak kataluniarrak.