Ertzainak pasatu dira kiosko eta liburudendetatik 'El Jueves' erretiratzera

Uztarria.com 2007ko uzt. 21a, 15:07
'El Jueves' aldizkariaren azken zenbakiaren azala.

Atzo Del Olmo epaileak aldizkariaren azken zenbakiaren ale denak erretiratzeko agindua eman zuen, ustez Espainiako erret familia iraintzeagatik

Goizean aritu dira ertzainak Azpeitian kioskoetara-eta joaten, baina hauetan aleak ordurako salduta zituzten

Atzo (ostirala) arratsaldean Juan del Olmo Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak El Jueves aldizkari satirikoaren azkeneko zenbakiaren ale denak erretiratzeko agindua eman zuen, ustez Espainiako erret familia iraintzen duelako, eta ertzainak gaur goizean pasatu dira Azpeitiko kiosko eta liburudendetatik aleak erretiratzera, uztarria.com-ek jakin duenez.

Hamaikak aldera aritu dira horretan ertzainak, baina kioskoetan-eta dagoeneko aleak salduta zituzten. Gaiak oihartzun handia izan du eta, ohiko erosleek ez ezik, beste herritar batzuek ere eskuratu dituzte aleak. Astekaria da El Jueves eta asteazkenetan jartzen dute asteko zenbakia salgai. Ohiko banatzaile enpresak betiko ale kopurua ekarri du aste honetan Azpeitira —hogei bat—, baina oraingoan kopurua txiki geratu da.

Hain zuzen, El Jueves-ek Asturiasko printze-printzesei egiten die irain, Del Olmok uste duenez, amodioa egiten ageri direla-eta. Espainiako Gobernuak ume jaioberri bakoitzeko emango duen 2.500 euroko laguntza da marrazkiaren gaia, eta testua, printzearen karikaturak esana: "Ohartzen al zara? Haurdun geratzen bazara, hau izango da nik egindako gauza guztien artean lan egitearekin antz handiena duena!”.

Miguel Angel Carballo fiskalak orain epaileari eskatu dio aldizkariaren webgunea ixteko. Web ataria Del Olmok —Egunkaria itxi zuen epailea da— atzo agindua eman zuenetik gaur eguerdira arte ezin zen zabaldu; orain bai.

Duela 30 urte sortu zuten El Jueves eta, aipatutakoarekin, 1.573 zenbaki argitaratu dituzte.

Espainiako Zigor Kodearen 490.3 eta 491 artikuluen arabera, erret familiari irain egiteagatik bi urtera arteko kartzela zigorra ezar dezakete epaileek.