Familia bat desertutik urrun

Urola Kostako Hitza 2007ko uzt. 20a, 11:07
Behean eserita: Mohamed. Mulaibrahim eta Mariem; atzean Azpeitiko beraien senideak.

Bihar, Sahararren Eguna ospatuko dute lehenengo aldiz Azpeitian

Ekitaldi ugari antolatu dute herriak errefuxiatuen egoeraren berri izan dezan (Urola Kostako Hitza)

.30 urtetik gora daramatzate desertuaren erdian, beraien herrialdetik milaka kilometrora, baina bizitzeko itxaropena eta lanerako gogoa ez dute galdu. Aljeriako (Afrika) desertuaren erdian herrialde bat eraikitzea lortu dute errefuxiatu sahararrek eta, bertako bizi baldintza gogorrei aurre eginez, 200.000 biztanletik gora bizi dira. Sirokoei, egunez izaten diren tenperatura altuei eta iluntzeetako tenperatura aldaketei, hondarrari, ur eskasiari eta desertuak ekartzen dituen bizi baldintza gogorrenei aurre eginez biziraun dute milaka sahararrek urte hauetan guztietan.

Urte guztian zehar bertako bizi baldintzak gogorrak diren arren, udan are gehiago gogortzen dira; egunez 50 eta 60 gradu bitartean izaten dira. Hori guztia kontuan izanda, Oporrak bakean programa sortu zen nazioarte mailan, eta bertan hartzen dute parte, besteak beste, Euskal Herriak, Espainiak eta baita Italiak ere.

Programa honen bitartez hainbat familiak haur sahararrak hartzen dituzte etxean udako oporraldia igarotzeko. Bidai hauek, osasun azterketak egiteko, ondo elikatzeko eta indarrak hartzeko eta, zalantzarik gabe, oporrak desertuko bizi baldintza gogorretatik urrun igarotzeko izaten dira.

Eskualdeko herri guztietan izaten dira udako oporraldia igarotzen duten haur sahararrak, eta Azpeitian ere badira: lau haur hain zuzen ere.

Gainera, Zarauzko Saharautz Elkarteak eta Zestoako Wadna Elkarteak, Azpeitiko herritarrek saharar errefuxiatuen egoeraren berri izan dezaten, Sahararren Eguna antolatu dute bihar Azpeitian. Bertan elkartuko dira eskualdean dauden haur saharar gehienak.

Esperientzia "aberasgarria"

Mamen Alberdi azpeitiarra bere bi seme-alabekin bizi da; batek 13 urte ditu eta besteak, berriz, bederatzi urte. Aurten lehenengo aldiz haur saharar bat ekarri du bere etxera udako oporraldia igarotzera. Mulaibrahim da haurraren izena, zortzi urte ditu eta lehenengo aldiz irten da kanpalekutik.

Alberdik azaldu duenez, "oso esperientzia ona" da, eta oso gustura dago. "Oso kultura ezberdinak ditugu eta kontraste handia dago bi kulturen artean, baina aldi berean, oso aberasgarria da", azaldu du.

Maixol Rezabalek ere haur saharar bat du etxean. Bigarren aldiz etorri da Mariem bere etxera. Rezabal, bere hiru alabakin, bikotearekin eta gurasoekin bizi da Azpeitian eta, aurten, Mariem berriro bere etxean izango da uda guztia igarotzen.

Rezabalek argi du haur hauek Euskal Herrira zertara etortzen diren: "Udako oporrak igarotzera etortzen dira, eta, oporrak diren heinean, guk geuk bezalaxe ondo pasatzea da helburu nagusia. Aldi berean, sendagilera eraman eta azkerketak egiteko aprobetxatzen dugu. Elikadura ere oso garrantzitsua da indarrak hartzeko, negua Saharan indartsu pasatzeko. Eta, zalantzarik gabe, hemen jasotzen duten heziketa ere beraientzat oso garrantzitsua izaten da".

Rezolak dioenez, haurren gurasoek, orokorrean, nahi izaten dute beraien haurrak kanpalekuetatik ateratzea, "udako bizi baldintza gogorretatik ihes egiteaz gain, desertuaz gain dagoen mundua ezagutu ahal izateko".

Haur hauek behartsuak ez direla gogorarazi nahi izan du Rezolak, "han gauza material gutxi dituzten arren, behar duten guztia dute, eta sekula ahaztu behar ez den ezaugarria da gatazka politiko baten ondorio direla".

Rezolak eta Alberdik ez dute sekula kanpalekuetara bidaiatu, baina biek dute gogoa Mariemen eta Mulaibrahimen senideak eta bizilekua ezagutzeko.

Kanpalekuetan egondakoa

Ana Aizpuru azpeitiarra, bere gurasoekin bizi da. Honek ere esperientzia berriz bizi nahi izan du eta iaz bere etxean izan zen haurra ekarri du aurten ere. Mohamed izena du eta 10 urte ditu.

Aizpuru, joan den abenduan kanpalekuetan izan zen Mohameden senideak ezagutzen. "Oso esperientzi polita izan zen eta Mohamedek gure etxean kontatzen zituen gauzak nire begiekin ikusteko aukera izan nuen. Sarritan zalantzan jartzen nuen berak kontatzen zituen gauzak, baina han izan nintzenean konturatu nintzen dena hala zela" , azaldu Aizpuruk.

Bere bizilekua eta senideak ezagutu ostean, gauzak beste era batera ikusten dituela onartu du Aizpuruk. Dioenez, haurrak ez dira bizi desertuan ez direla bizi, baizik eta biziraun egiten dutela dio.

.14.000 biztanle, lau haur

Azpeitiak 14.000 biztanle ditu eta lau haur saharar besterik ez dira izango bertan uda igarotzen.

Horren harira, Rezola, Alberdi eta Aizpuru, hiruak bat datoz saharar haurrak etxean hartzera herritarrak animatzerako orduan. "Haurrak, Saharan eta Euskal Herrian, haurrak dira eta bere denbora eskatzen dute. Berien erara ibili behar duzu, baina argi dago zer nolako mesedea egiten diegun uda hemen igarota", azaldu du Rezolak.

Egitaraua

Uztailak 21, larunbata

11:00. Bi haima jarriko dituzte plazan, sahararrak errefuxiatuen kanpalekuetan nola bizi diren ikusi ahal izateko. Megafonia jarriko dute, Saharako musikariekin jaia girotzeko. Saharar talde bate ere izango da, henarekin nola lan egiten duten eta tea nola prestatzen duten erakusten.

12:30. Mohamed El Mamun, Fronte Polisarioko Euskal Herriko ordezkariak hitzaldia emango du eta bertako egoera azalduko du.

Ondoren, bideo emanaldia izango da udaletxe azpian. Bideoan, saharar herriari zer gertatu zitzaion azalduko da eta Wadna elkarteko kideen bidaietan eginiko lanak erakutsiko dituzte.

14:00. Bazkari herrikoia izango da berdura plazan.

15:30. Triku Harri pailazoen taldeak haurrentzat ikuskizuna eskainiko du plazan.

16:30. Buruhandiak izango dira umeentzat herriko plazan.

17:00-19:00. Haurrentzat puzgarriak, eguna bukatzeko.

Egun guztian zehar, Idiakaitz Txistulari Taldea kaleak girotzen ibiliko da.