Aitonenako batzordea berritu dute

Urola Kostako Hitza 2007ko uzt. 11a, 10:07
Aitonenanako batzorde berriko kideak, aurreko batzordeko kideekin eta Azpeitiko alkate Iñaki Errazkinekin.

Aurreko batzordeko hiru kidek jarraitu egingo dute eta lau kide berri izango ditu

Astelehenean, uztailak 9, egin zuten zuzendaritza aldatzeko ezohiko batzarra (Urola Kostako Hitza)

Aitonena Erretiratuen, Pentsiodunen eta Alargunen Elkarteak zuzendaritza aldatzeko ezohiko batzarra egin zuen, herenegun, Aitonena I-eko tabernan. Elkarteko bazkideaz gain, Udaleko hainbat ordezkari ere batzarrean izan ziren; horien tartean zen Iñaki Errazkin alkatea ere.

Elkarteko lau kide berri aurkeztu dira zuzendaritza batzorderako: Maria Jesus Arregi, Maria Pilar Arruti, Maria Uranga eta Kontxi Urkizu. Bozketa egin ondoren, lauak jaso dute bazkideen oniritzia. Bestalde, bi urte eta erdiz aurreko batzordea osatu duten sei kidetatik hiruk euren kargua utziko dute; Manolo Etxanizek, Agustina Zulaikak eta Gloria Odriozolak, hain zuzen ere. Hemendik aurrera, beraz, batzorde berriak lanari ekingo dio. Horrela, aurrerantzean Aitonenako zuzendaritza batzordeak zazpi kide izango ditu, elkartearen estatutuetan aurreikusita dagoen moduan.

Azken zuzendaritza batzordea osatu duten kideak, batzorde berria osatzeko ordezkoak ezin bilatuta ibili dira azken hilabetetan. Martxoan egitekoa zen zuzendaritza batzorde berria aukeratzeko ezohiko batzarra, baina hautagairik aurkeztu ez eta lau hilabetez atzeratu behar izan dute bozketa. Azkenean, hainbeste gorabehera eta gero, herenegungo batzarrean berritu zuten elkarteko batzordea.

Lana eta elkarlana

Aurreko batzordeko diruzain Agustina Zulaikak elkartearen kontuen berri eman zuen batzarrean. Erretiratuen elkarteak 2006an diru galerarik ez zuela eduki adierazi zien Zulaikak bazkideei eta alkateari.

Iñaki Errazkin alkateak hitza hartu zuenean, "Udalak elkarteari laguntzen jarraitzeko jarrerari eutsiko" diola azaldu zuen. Batzordearen borondatezko lana eskertu zuen alkateak eta batzorde berriari zorte ona opa zion. "Agerikoa da ekimen pila egiten dela elkartean. Laguntza ematen jarraituko dugu eta, ahal bada, hobetzen saiatuko gara", gaineratu zuen Errazkinek.

Batzorde berriak agintea hartu eta egingo den lehen ekimena, sanferminetara irteera izango da. Urtero bezala, sanferminetarako autobusa antolatu du Aitonena elkarteak. Erretiratuak bihar joango dira Iruñeara. 08:30ean abiatuko dira plaza atzetik eta egunpasaz eta Iruñean egingo duten bazkariaz gozatu ahal izango dute. 20:00ak inguruan itzultzeko asmoa dute.