Gazte Asanblada: "Urtebeteren ondoren egoera ez da aldatu"

Urola Kostako Hitza 2007ko uzt. 11a, 10:07
Ainara Piede de Hierro Karasusan egondakoa eta Gaztetxeko Etxebizitza lan taldeko kidea da.

Igandean urtebete bete zen Karasusaneko etxea hustu zutenetik

"Etxebizitza eskubidea zozkatzen" dela salatu dute Gazte Asanbladakoek (Urola Kostako Hitza)

Igandean, uztailaren 8an, urtebete bete zen Karasusaneko etxea hustu zutenetik eta herenegun Gazte Asanbladako kideek pankarta bat zintzilikatu zuten Karasusa etxearen aurrealdean, Urtebete ondoren kale gorrian, etxebizitzak gazteentzat leloarekin.

Bertan bildutako gazteen esanetan, "urtebeteren ondoren egoerak bere horretan" jarraitzen duela azalduz. Izan ere, Babes Ofizialeko Etxebizitzak zozkatzea ez zaie lorpen bat iruditzen, "eskubide bat zozkatzea ez" baita lorpen bat. Gainera, etxebizitza hauetako zozketetan edozein gaztek ezin dezakeela izena eman salatu zuten, "zozketetarako ezartzen diren baldintzak egokiak ez" direlako. Honela, gutxiengo diru sarreratara iristen ez den herritarrak badaudela eta gutxiengo eta gehiengo diru-sarreren artean "desoreka handia" dagoela adierazi zuten; "desoreka" honek "gizarteko sektore handi baten eskubideak zapaltzen" dituela ere salatu zuten.

Hala ere, gazteek egoera aldatzeko borondatea erakutsi zuten eta beraien "hitza kontuan hartuko den guneetan" parte hartu nahi dutela azaldu zuten. Udalari gazteen beharrak aztertu eta horien araberako etxebizitza politika bat garatzeko eskatu zioten, baita gazteei beraien eskubideen alde lan egiteko ere.

Uztailaren 3an hartu zuten

Atzoko agerraldian, ordea, duela urtebeteko kontuak ere hizpide izan zituzten. Iazko uztailaren 3an, astelehenarekin, sartu zen gazte taldea Karasusako lehen solairuan. Aste osoan zehar ertzainak etxetik irteeteko eskatuz ibili zitzaizkiela gogoratu zuten, baina beraiek 20 urtez hutsik egondako etxebizitzan mantenduko zirela adierazi zieten. Azkenean uztailaren 8an, larunbata, Karasusa hustu zuten arte.

Karasusa okupatzearena "Udalaren etxebizitza politikarekiko ezadostasuna" adierazteko izan zela adierazi zuten; "gazteen ezadostasuna adierazi eta egoera erakusteko tresna" izan zen. Diotenez, ez bertan bizitzen jartzeko, egun gutxitarako erakusleiho bezala erabili zuten. "Etxe hutsen inguruko politika sendo baten eta alokairu publiko baten beharra" izan zela okupazioaren helburua adierazi zuten. Oraindik ere, beste tresna batzuekin bada ere, helburu hori lortzeko lanean jarraitzen dutela gogoratu zuten.