Grumaleko langileek eta zuzendaritzak akordioa lortu dute

Uztarria.eus 2007ko uzt. 10a, 12:07
Greba datozen hiru urteetarako hitzarmen "duin" bat lortzeko hasi zuten.

Soldata igoerak, ordu murrizketak eta hainbat gehigarri biltzen ditu 2007, 2008 eta 2009 urteetarako hitzarmenak

Atzo goizean langileen ordezkariak negoziaketan ibili eta gero, 13:30ean egin zuten batzarra langileek (Urola Kostako Hitza)

Ostiralean jakinarazi zuten Grumaleko langileek atzotik (astelehena) aurrera greba mugagabea hasiko zutela. Ez dituzte, ordea, ordu asko egin greban. Atzo goizean langileen ordezkariak negoziketan ibili eta gero, 13:30ean egin zuten batzarra langileek. Euren ordezkariek eta zuzendaritzak hitzartutako akordioa onartzea eta greba bertan behera uztea erabaki zuten.

Greba datozen hiru urteetarako hitzarmen "duin" bat lortzeko hasi zuten. Lau hilabetean jardun dira enpresako ordezkariak zuzendaritzarekin soldata igoerak, ordu murrizketak eta distantzien, bajen eta antzinatasunaren gehigarriak negoziatzen. Lehengo ostiralean langileen ordezkariek zuzendaritzari azken eskaintza egin eta gero, ostiralean grebari ekitea erabaki zuten. Izan ere, alde handia zegoen enpresak eskaintzen eta langileek eskatzen zutenaren artean.

Langile guztiei berdin aplikatzen zaizkien soldaten igoera linealetan, ordu murrizketetan eta beste hainbat gehigarritan egin dituzte aldaketak. Gehigarrietan, antzinatasunagatik, esaterako, urteko KPI +0,7 batuko zaio orain arteko gehigarriari. Distantziengatik ere urteko KPI+ 0,7 gehiago batuko zaio gehigarriari. Enpresako taula edo oinarrizko soldatari ere urteko KPI +0,7 gehituko zaio, langile denak tauletatik gora badaude ere.

Langileen ordezkariek eta enpresak hitzartutako neurri hauek atzo eguerdian langileen batzarrak onartu zituen. Gaur, horrenbestez, lanera itzuli dira Grumal enpresako langileak.

Josu Galarraga ELAko ordezkariak adierazi zuenez, "ez dugu balorazio txarra egiten. Hori bai, zerbait gehiago egin zitekeen. Baina 260 langile dituen enpresa handia da eta enpresak ere bere kartak jokatu ditu"; zenbait kontutan "nahiko zikin ibili" dela ere leporatu zion zuzendaritzari.

Hitzarmen honekin, beraz, urte hasieran hasitako negoziazio mahaiak bukatu dira, laupabost bat hilabete baitzeramaten negoziaketetan. Ekainaren 22an langileen batzarrean grebari ekitea erabaki zuten. Hasiera batean hiru egun soltetan egitea erabaki bazuten ere, azkenean greba mugagabea egitea erabaki zuten. Greba mugagabea, azkenean, egun batekoa izan da.