Astelehenean batzordea berrituko dute Aitonenan

Urola Kostako Hitza 2007ko uzt. 6a, 11:07

Aitonenako egungo zuzendaritza, karta jokuko sari banaketa.

Uztailaren 9an egingo dute batzordea aldatzeko batzarra

Urtero bezala, sanferminetara joango dira Aitonenatik; izena uztailaren 10a bitartean eman daiteke (Urola Kostako Hitza)

Aitonena Erretiratuen, Pentsiodunen eta Alargunen Elkarteak Batzarra egingo du astelehenean gaur egungo zuzendaritza batzordea aldatzeko.

Batzar hau uztailaren 9an egingo da Aitonena I-eko tabernan. Udaleko agintariak ere, tartean Iñaki Errazkin alkatea, bertan izango dira. Aitonenako zuzendaritzak, ordea, bazkide guztiak ere ekitaldi honetan izatea nahi du, zuzendaritza batzorderako aurkeztuko diren lau kide berriei oniritzia emateko.

Batzorde honen ondoren, egungo zuzendaritza osatzen duten sei kideetatik hiruk utzi egingo dute eta lau kide berri sartuko dira zuzendaritzan. Aurrerantzean, beraz, Aitonenako zuzendaritza batzordeak zazpi kide izango ditu, elkartearen estatutuetan aurreikusita dagoen moduan.

Azken zuzendaritza batzordea osatu duten kideak ordezkoak ezin bilatuta ibili dira azken hilabetetan.

Sanferminetara ere badoaz

Urtero bezala, sanferminetarako autobusa antolatuta utzi dute batzordea berritu arren. Uztailaren 12an, ostegunean, joango dira. Izena uztailaren 10a arte eman daiteke. 12an, 08:30ean abiatuko dira plaza atzetik eta, 25 euroren truke, autobuseko bidaiaz eta Iruñean egingo duten bazkariaz gozatu ahal izango dute. 20:00ak inguruan itzultzeko asmoa dute, oraindik aldatu badaiteke ere.