EAren zati “zabal” batek dio zinegotziek ez dutela herri batzarreko erabakia bete

Uztarria.com 2007ko eka. 20a, 00:06
Jabier Beobide eta Aitor Aranguren Azpeitiko EAren afiliatuak, eta Iñaki Sagarzazu Gipuzkoako zuzendaritzako kidea, atzo, Sindikatu Zaharrean emandako prentsaurrekoan.

Alderdiko afiliatu batzuek esan dute Azpeitian ere zerrenda bozkatuena errespetatzekotan geratu zirela EAren azken bileran

EAk larunbatean hartutako erabakiak “herriari onik ez dio egiten” (azpititular horretan zuzenketa egina dago; ikus testuan zuzenketa)

Urak nahasi daude Azpeitiko EAn, honek larunbatean, EB-Aralarrekin batera, EAE-ANVren alde egin zuelako alkatea hautatzeko garaian, eta ez EAJren alde. Hori dela-eta, Azpeitiko EAren afiliatuen zati “zabal” batek “desadostasuna” adierazi du gaur (asteartea) Sindikatu Zaharrean emandako prentsaurrean.

Haien ustez, larunbatean gertatu zena, “EAE-ANVren, Manuel Unanueren [EAko zerrendaburua] eta EB-Aralarren akordioa da. Hau da, EAren osteguneko herri batzarrean mahaikoek esan zuten EAJrekin ados jarriak zirela gobernatzeko, EAk EAJri esan ziola EB-Aralarri ‘betoa’ jarri ziola, uztailean udaletxeko liberatuez eta udal batzorde banaketaz hitz egingo zutela, irailean legealdiko akordioaz, eta larunbatean norberak bere buruari bozkatuko ziola. Ez zen halakorik gertatu larunbatean, EAren zinegotziek ez zuten bete akordioa eta herri batzarrean esan zena, eta gaur egun EAE-ANVren alkatea dugu Azpeitian”.

Unanueren “jarrera” kritikatu dute, hark “mendekuz eta gorrotoz jokatu duelako udal hauteskunde hauetan jasotako emaitza lotsagarriengatik” (756 boto lortu zituen EAk, bi zinegotzi). Unanue eta Mikel Ibarzabal EAren zinegotziek “udalbatzarrean izan zuten jokaera baztertu” egiten dutela adierazi dute afiliatu horiek, bide batez.

Jabier Beobide eta Aitor Aranguren Azpeitiko EAren afiliatuek, eta Iñaki Sagarzazu Gipuzkoako zuzendaritzako kideak eman dute prentsaurrekoa. Hamabost bat afiliatu zeuden aretoan. “EAren jarraitzaile gehiagok ere eman digu babesa”, adierazi du Arangurenek.

EAren ildo horretako kideek ez diete bestekoei jakinarazi gaur agerraldia egingo zutela, eta larunbataz geroztik ez dira elkarrekin egon. “Neu udalbatzarraren ondoren zuzendaritzako kide batekin egon nintzen eta hark ez zekien zer gertatu zen udaletxean”, esan du Beobidek.

Gaurko prentsaurrekoa baino hamar minutu lehenago Unanueren “mehatxua” jaso dutela adierazi dute. “Agerraldi hau egiteko eskubiderik ez dugula esan digu eta alderdian neurriak hartuko dituztela”, esan du Arangurenek.

“Erabaki okerra”

EAren erabakia “okerra” iruditzen zaie, “batzarrean emandako hitza ez zelako bete, horren kontra egin zutelako bi zinegotziek larunbatean”, eta EAren 700 botoek EAJren 3.300 botoekiko “errespetu falta” adierazi dutela uste dute. Horretaz gain, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa mailan EAJk, EAk eta EB-Aralarrek euren arteko zerrendarik bozkatuena errespetatzeko akordioa Azpeitian “ez bete” izana ere leporatu diete euren bi zinegotziei.

Gaur agerraldia egin dutenen ustez, EAk larunbatean hartutako erabakiak “herriari onik ez dio egiten”. EAko afiliatu horiek aitortu dute “ikuskizuna” eman dela Azpeitian. “Herria ezin da horrela kudeatu. Pertsonalismoek azkenak izan behar dute horrelako erabakietan. Gezurretan joan gara eta, gainera, atzetik”.

Idatzia

EAren afiliatuen “zati zabal” batek idatzi hauxe banatu die gaur komunikabideei agerraldiaren bukaeran.

“Larunbatean, ekainak 16, Azpeitiko Udalaren osaketaren inguruan gertatutakoaren aurrean, guk, Azpeitiko EAren afiliatuak eta lagunak honako hau adierazi nahi dugu:

-1. Gure zinegotzi Manuel Unanuek eta Mikel Ibarzabalek Azpeitiko Udalaren osaketa batzarrean izan zuten jokaera baztertzen dugu.

-2. ANVren hautagaiari botua ematea ez dator bat Azpeitiko Eusko Alkartasunako Hiri Batzarrak hartutako erabakiarekin. Pasa den ostegunean, ekainak 14, egindako bileran hartutako erabakia zera izan zen: EAk hautagaia aurkeztea eta norberari botoa ematea.

-3. Horregatik eta Azpeitiko EAko Hiri Batzarrak hartutako erabakia nahiz alderdiak, nazio mailan, zituen akordioak bete ez direla ikusirik, Azpeitian zerrenda bozkatuena errespetatzeko behar diren neurriak hartzea exijitzen dugu”.

--

Zuzenketa. Atzo (asteartea) EAren hainbat afiliatuk emandako prentsaurrekoaren albistean hau esan zutela idatzi genuen: "EAE-ANVren, EAren eta EB-Aralarren akordioak 'herriari onik ez dio egiten'". Gure akatsa da, hau esan zutelako: "EAk larunbatean hartutako erabakiak 'herriari onik ez dio egiten'". Barkamenak EAko afiliatu horiei eta irakurleei (albistean bertan dagoeneko egina dugu zuzenketa).