Tasatutako etxeetan izena emateko azken eguna

Urola Kostako Hitza 2007ko eka. 13a, 14:06

Ostiralean amaitzen da epea eta izena Azpeitia Lantzen-en egoitzan eman behar da

Azpeitian eta Nuarben 40 etxebizitza tasatu eraikiko dira (Urola Kostako Hitza)

Azpeitiko Udalak kuartel zaharrean, Enparan kaleko 49, 51 eta 53 bebarruetan eta Nuarben eraikiko dituen udal etxebizitza tasatuetan izena emateko eta instantzia betetzeko epea ostiral honetan, hilaren 15ean, amaituko da.

Azpeitian eta Nuarben, beraz, 40 etxebizitza tasatu eraikiko dira eta horietarik 34 zozkatuko dira Azpeitia Lantzen-en izena eman eta betebeharrak betetzen dituztenen artean.

Izen-emateko betebeharrekoak

Betebehar hauen artean dirusarrerena sartzen da. Aurkezten direnek 2006 urtean gutxienez 12.000 euroko dirusarrera eta gehienez 49.650 euroko sarrera jaso zituela egiztatu behar du. Bestalde, etxebizitzarik ez izatea eskatzen da, baita etxebizitzaren beharra izatea ere. Era honetan zozketan etxea tokatzen zaionak etxebizitza horretan biziko dela eta bertan erroldatuko dela hitz eman behar du. Baldintza hau betetzen ez bada, kontratua bertan behera geratuko da eta etxebizitza horren jabe edo onuradun izaera galduko da.

Azpeitia Lantzen-en promozioan izena emateko hiru baldintza bete behar dira: azkenneko bost urteetatik 3tan, gutxienez, Azpeitian bizi izana; azken 15 urteetan gutxienez 5 urtez Azpeitian bizi izana; edo azken 10 urteetan Azpeitian lan egin izana.

Zozketan parte hartzeko onartuen behin-behineko zerrenda udaletxe azpian eta azpeitia.net webgunean ipiniko dute.

Zozketa notarioaren aurrean izango da eta banaka izena emandakoek zenbaki bakarra eskuratu dute; binaka izena emandakoek bi zenbaki eta seme-alabadun bikoteek hiru zenbaki.