'Iraurgi hiria', etorkizuneko proiektuak jasotzeko aldizkaria

Uztarria.eus 2007ko eka. 7a, 10:06
Iraurgi Hiria aldizkariko 1 zenbakiko azala

Azpeitiko eta Azkoitiko egitasmoez informatzeko sortu dute udalek eta Iraurgi Lantzen Garapen Agentziak

Aldizkariaren aurreneko zenbakia kaleratu berri dute

Iraurgi hiria aldizkariaren aurreneko zenbakia kaleratu berri dute. Azpeitia eta Azkoitiko udalerriak jasotzen ditu aldizkariak, eta edukiak ere bi herrietako alkateen ahotan jarriak azaltzen dira. "Etorkizunari begira, eskualdeak duen indarra mantentzeko beste ahalegin bat da aldizkaria", azaldu dute. "Nortasuneko herriak dira Azpeitia eta Azkoitia. Etorkizunean ere nortasun horri heltzea da gure helburua eta horretarako, proiektu ezberdinak ditugu eskuartean", diote Julian Eizmendi Azpeitiko eta eta Asier Aranbarri Azkoitiko alkateek.

Herritarrek proiektu horien berri izan dezaten, Iraurgi hiria aldizkaria "komunikazio tresna" izango dela adierazi dute. Bi herrietako udalbatzetako kideez gain, Iraurgi Lantzen Garapen Agentzia ere proiektu honen zuzeneko parte-hartzailea da.

Gipuzkoako Foru Aldundiak orain arte garatu duen etorkizuneko Gipuzkoa Hirian, eskualdea "ondo kokatzea" dute helburu Azpeitiak eta Azkoitiak, eta hortik dator ‘Iraurgi hiria’ izena, "bi udalerriak Iraurgi hitzak batzen dituelako". Bi udalerrien arteko elkarlanak, etorkizuneko proiektuei "sendotasuna" emango diola diote alkateek, "baina herri bakoitzak bere nortasunari ere helduko dio".

Bigarren zenbakia noiz aterako duten ez dute jakinarazi.