Ehun bat lagun bildu ziren emakumeen aurkako erasoak salatzeko

Uztarria.eus 2007ko eka. 6a, 18:06
100 lagunetik gora bildu ziren Azpeitiko plazan emakumeen aurkako erasoak salatzeko

Azpeitian 14 urteko neska batek ustez jasandako sexu erasoa salatu eta, aldi berean, neskari babesa eman diote

Azpeitiko eta Zestoako emakume talde batek deitu du bilkura

"Emakumeen aurkako erasoen aurrean elkartasuna" lelopean 100 lagunetik gora bildu ziren atzo (asteartea, ekainak 5) Azpeitiko plazan egindako elkarretaratzean. Azpeitian 14 urteko neska batek bere hiru gelakideren aldetik ustez jasandako eraso sexuala salatu eta, aldi berean, neskari babesa emateko helburuarekin bildu ziren. Azpeitiko eta Zestoako emakume talde batek deitu zuen bilkura, "herrian izan diren egoera eta iritziak kontuan izanda, herriak berak erantzuteko betebeharra duelako", haien iritziz.

"Gure babes osoa eskaini nahi diogu eraso egin dioten neska gazteari eta edozein momentutan erasoak jasan dituzten emakume guztiei", adierazi zuten elkarretaratzean. Era berean, orain gutxi Baionan eta Gasteizen eraildako emakumeekiko elkartasuna adierazi zuten. "Bakoitzak egunero ditugun jokabideak hausnartu behar ditugu eta jarrera aktibo bat hartzea ere ezinbestekoa zaigu. Horrela bakarrik lortuko baitugu guztiontzat herri hobe eta justuago baterako bidea". Bestalde, dei egin zieten udaletxe eta ikastetxeei "eraso horien aurrean duten erantzukizunari argi heltzeko".

Aste honetan Zestoako Udalak ustezko erasoa salatu du idatzi baten bidez.