Elkarretaratzea deitu dute eraso sexualak salatzeko

Urola Kostako Hitza 2007ko eka. 4a, 12:06
Astearterako elkarretaratzea deitu dute Zestoako eta Azpeitiko hainbat emakumek.

Zestoako eta Azpeitiko emakume talde batek 14 urteko neska batek ustez jasandako sexu erasoa salatu du

Asteartean elkarretaratzea egingo dute Azpeitiko plazan, 20:00etan (Urola Kostako Hitza)

Pasa den astean, Azpeitian, 14 urteko neska batek bere hiru gelakideren aldetik ustez jasandako eraso sexualarekin lotuta, salaketa jarri zuten epaitegian. Hori jakin ostean, "eta herrian izan diren egoera eta iritziak kontuan izanda, herriak berak duen erantzuteko betebeharrari jarraituz", Azpeitiko eta Zestoako adin ezberdinetako emakume talde batek prentsaurreko eman zuen atzo erasoak salatuz eta aldi berean, asteartean Azpeitiko plazan 20:00etan izango den elkarretaratzerako deia eginez.

"Gure babes osoa eskaini nahi diogu erasotua izan den neska gazteari eta edozein momentutan erasotuak sentitu diren emakume guztiei", adierazi zuten ekitaldian bildutako emakumeek. "Gertakari hau ez da kasu isolatu bat, eremu guztietan bizi ditugun ezberdintasun sexualen ondorio zuzena da", esan zuten.

"Emakumeok egunero sufritzen ditugu eraso matxistak, eta guztion ardura da gure inguruan gertatzen direnean gure desadotasuna azaldu eta berauekin amaitzea", azpimarratu zuten atzo bildutako emakumeek.

Bestalde, udal berriei ere dei berezia egin zieten, "beste aldera begiratzeari utzi eta eraso hauen aurrean duten erantzukizunari argi heldu" diezaioten. "Beharrezkoak dira plangintza integralak, Berdintasun Plan erreal berritua eta emakume arloa martxan jartzeko konpromisoak hartu eta betetzea".

Ikastetxeei ere mezu zuzena helarazi zieten atzo bildutakoek: "Martxan dituzten programez gain, hezikidetza integralki landu behar dute".

Horrelako gertaerak berriz ez gertatzeko eman beharreko pausoak ere aipatu zituzten: "Bakoitzak egunero ditugun jokabideak hausnartu behar ditugu eta jarrera aktibo bat hartzea ere ezinbestekoa dugu. Horrela bakarrik lortuko baitugu guztiontzat herri hobe eta justuago baterako bidea".