Sanjuandegi eta Nuarbe festetan

Urola Kostako Hitza eta Uztarria 2007ko mai. 31a, 15:05

Gaur 15:00etatik 19:00etara umeen Barraka Eguna da Sanjuandegin eta euro baten truke bi fitxa emango dituzte

Nuarben, berriz, Trinitateko festak izango dira asteburuan; astelehenera arte (Urola Kostako Hitza)

Astelehenetik dabiltza jai giroan Sanjuandegi auzoan eta txupinazoa ostiralean izango bada ere, gaur Haurren Barraka Eguna antolatu dute, 15:00etatik 19:00etara. Gaur, beraz, haurrek euro batean bi txartel erosi ahal dituzte, lau ordutan zehar. Gauean, berriz, mus txapelketa egongo da Ongi Etorri erretegian.

Sanjuandegiko jaien hasierako suziria, ordea, bihar 20:00etan izango da. Suziriaren ondoren erraldoi eta buruhandiak izango dira Juan de Antxieta eskolako musikariek lagunduta. Gauean, azkenik, Vostok eta Nuke taldeen kontzertua egongo da Jose Antonio Agirre plazan, 23:00etan.

Jaietako egun handiak

Larunbata egun handia izango da. 11:00etan hasita, zilindrada handiko autoen eta motoen erakusketa eta karabana izango dira Jose Antonio Agirre plazan. 12:30ean Xapre eta Furrirekin triki poteoa antolatu dute, 14:30eko auzo bazkarirako girotzeko. Bazkaria ere Jose Antonio Agirre plazan izango da. Arratsaldean, 17:00etatik 20:00etara, haur parkea ipiniko dute plaza horretan. Afalaurrean erraldoi eta buruhandien eta Juan de Antxietako musikarien kalejira izango da 19:30etan. Afaltzeko edota bertsoak entzuteko irrika duenak 21:00etan Zaharrak berri Tour bertsolari hirukoteak girotutako afaria izango du Ongi Etorri erretegian, 25 euroren truke. Eta, eguna borobiltzeko, saloi dantzen erakustaldia eta Kupela taldearen kontzertua antolatu dituzte plazan, 22:30etatik aurrera.

Igandeko egitarauan, adin talde guztiek izango dute tartea. Goizeko 06:00etan txokolatea eskainiko zaie gerturatzen direnei eta 07:00etako sokamuturrerako indarrak hartu nahi dituztenei. 09:00etan salda eta pintxoak banatuko dira. 11:00etan Azpeitiko Udal Musika Bandaren kalejira eta 12:00etan dantzari txikien saioa izango dira. Haurrentzako pottoka eta zezenak izango dira 16:30ean. 20:00etan, berriz, kapoeira erakustaldia izango da plazan. Eguna, eta festak, 21:00etako suzko zezenarekin amaituko dira.

Trinitate jaiak Nuarben

Sanjuandegi ez da izango festa egingo duen auzo bakarra. Nuarben Trinitate jaiak ospatu dituzte larunbatean hasi eta astelehena arte. Herri afaria eta erromeria izango dira larunbatean. Igandean, berriz, Azpeitiko Udal Musika Bandak kontzertua eskainiko du plazan. Ondoren, herri kirolak izango dira eta iluntzean, erromeria Izer eta Alabierrekin. Astelehenean esango diete agur festei nuarbetarrak. Ume jolasak eta txokolata egongo dira arratsalde partean, eta iluntzean, berriz, erromeria Jaione eta Jon trikitilariekin.