Euzkitze: "Ipar Euskal Herrian asko eskertzen didate nire lana; Hegoaldean ez hainbeste"

Uztarria.eus 2007ko mai. 30a, 16:05
Xabier Euzkitze atzoko hitzaldian Ā—argazkian, eskubianĀ—, Luis Gurrutxaga irakaslearen alboan.

Atzo (asteazkena) hitzaldia eman zuen Ikasberri Azpeitiko Ikastolan

Euskara batuaren beharraz aritu zen, besteak beste

Atzo (asteazkena) Xabier Euzkitze kazetaria eta bertsolaria izan zen Ikasberri Azpeitiko Ikastolan, hitzaldia ematen. Euskara kazetaritzan. Komunikazioa obsesio gai hartuta aritu zen. Euskaldunok "akats handi bat" egiten dugula aipatu zuen: "Norbera munduaren zentroa garela pentsatzen dugu eta gure euskalkia bakarrik existitzen dela uste dugu". Hala, gure euskalkitik kanpoko hitzak ez direla erabiltzen sinetsita gaudela zioen. Horren aurrean, bere lana "Ipar Euskal Herrian asko eskertzen" dutela aitortu zuen; "Hegoaldean ez hainbeste".

"Nire helburua euskaraz dakiten guztiek ulertzea da, eta nahiz eta jakin guzti-guztiek ulertzea ezinezkoa dela, batzuetan obsesio bilakatzen da helburu hori", azaldu zuen. Horretarako, Euskal Herri osoko hitzak erabiltzen saiatzen da Euzkitze bere hizketaldietan. "Euskaldun orok ni ulertzea nahi dut eta horregatik erabiltzen dut hiztegi zabala pilota partiden komentarioetan". Izan ere, kazetariak askorentzat hizkuntza eredu direla gaineratu zuen.

Euskalki edo euskara batuaren arteko dilemaz ere aritu zen Euzkitze. Haren hitzetan, euskararekin pilotarekin gertatzen den jazoera bera errepikatzen da. "Pilotan modalitate ugari dago. Modalitate guztiak berdin bultzatzen saiatuta indar asko gastatzen da. Beraz, tokian tokiko modalitateak bultzatu behar baditugu ere, komunikabideetan bakarra bultzatu beharrean izaten gara. Euskararekin ere berdin. Lekuan lekuko bultzatu behar badugu ere, euskaldun denok elkar ulertzeko euskara batua beharrezkoa zaigu.