Hiru adin txikiko inputatu dituzte ustez ikaskide bati sexu erasoa egiteagatik

Urola Kostako Hitza 2007ko mai. 26a, 15:05

Ustezko erasoa maiatzaren 18an izan zen Azpeitian, hamalau urteko neska baten kontra

Emakume Taldeak eta Bilgune Feministak "gogor" salatu du gertaera; datorren astean mobilizazioak deituko dituzte (Urola Kostako Hitza)

Hamalau urteko neska baten gurasoek salaketa jarri dute Azpeitian alabaren hiru ikaskideren aurka, sexu eraso batengatik. Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak Hitzari baieztatu dionez, ustezko erasoa maiatzaren 18an, ostiralean, gertatu zen Azpeitian, gazteek erabiltzen duten lokal batean.

Polizia etxean salaketa jaso eta berehala, ikerketari ekin zion Ertzaintzak. Hala, hiru ustezko erasotzaileak identifikatu eta inputatu ditu. Askatasun sexualaren aurkako delitu bat egozten diete. Orain, epailearen esku dago auzia. Epaileak deklaratzera deituko ditu hiru gazteak. Ertzaintzak ez du informazio gehiago eman nahi izan, adin txikikoak tartean izanik, kasua sekretupean dagoelako.

Mobilizaziorako deia

Azpeitiko Emakume Taldeak eta Azpeitiko Bilgune Feministak "familiari eta erasotuari elkartasun osoa" adierazteaz gain, "gogor" salatu nahi dute gertaera eta "jendarteari honen aurrean duen erantzukizunaren ardura hartzea" exijitzen diote.

Gertaera ez dela "kasu isolatu bat" esan dute emakume taldekoek. "Gaur bortxaketa bat izan da, bihar eraildako emakume bat izan daiteke", diote. "Gaitz berdinaren ondorioak dira. Eta gaitz hori gaur egungo jendartean errotuta dauden emakumeen eta gizonen arteko botere harremanen ondorio zuzena da. Egunero gure artean sufritzen ditugun eraso matxista sotil bezain eraginkorrek etengabe elikatzen duten gaitza". Erasoen aurrean "elkartasuna, autodefentsa eta erantzun zuzena" ematera deitu dituzte emakumeak.

Datorren astean egingo dituzten mobilizazioen berri emango dutela jakinarazi dute bi elkarteek. "Herriko neska gazte guztien aurka egindako beste eraso bat da. Ezin da salatu gabe gelditu eta ezin da horrelakorik berriro gertatzen utzi. Azpeitiak, herri moduan gertaera honen aurrean bere mespretxu guztia erakusteko betebeharra du", adierazi dute. "Legeak, berdintasun planak, eta itxurakeriek ez dute ezertarako balio era guztietako jarrera matxistak dituztenak, euren jarrrea aldatu ezean, gure eguneroko bizitzatik kanpo nahi ditugula adierazten ez badugu", esan dute.