Elkartasun Eguna egingo dela baieztatu dute, baimenekin

Urola Kostako Hitza eta Uztarria 2007ko mai. 23a, 12:05

Maiatz osoan ezbaian aritu dira antolatzaileak eta Udala; hauteskunde batzordeak ere aztertu du

Larunbat honetan egingo dute presoen aldeko eguna

Informazio gehiago Urola Kostako Hitzan

Azpeitiko Topaguneak presoen alde urtero antolatzen duen Elkartasun Eguna larunbat honetan (maiatzaren 26an) izango dela baieztatu dute. Igandean hauteskundeak izango dira eta, Elkartasun Egunak 26ko hausnarketa eguna "errespetatzen ez" zuela-eta, Udalak antolatzeko baimena ukatu zien lehenago.

Bi parteak ezbaian aritu dira azken asteetan horretaz, eta hauteskunde batzordeak ere aztertu du gaia.

Azpeitiko Topaguneak esana zuen maiatzaren 26an egingo zutela, baimena izan edo ez izan. Azkenean, baimen guztiekin larunbat honetan egingo dela adierazi du.

Zazpigarren urtez egingo dute Elkartasun Eguna. "Frantziako eta Espainiako gobernuen eskutik Euskal Herriarekiko darabilten ofentsiba errepresiboak eragina du euskal eta iheslari politikoengan. Horregatik, oraindik ere, hamaika arrazoi ditugu Elkartasun Eguna antolatzeko", azaldu zuten antolatzaileek duela aste batzuk, aurkezpenean.

Egitaraua

11:00. 6 kilometroko Elkartasun Krosa. Azkeneko urteetako ibilbide bera izango du. Dortsalak Aradin, Orkatzen, Zuhatzen, Zakelan eta Uztapiden daude salgai, 6 euroren truke; egunean bertan 8 euro. Ondoren, hamaiketakoa eta herriko dendariek jarritako hainbat opariren zozketa.

12:00. Herri kirolak plazan. Azpeitiar gazte taldea, Azkoitia eta Zestoako gazteen aurka.

14:00. Herri bazkaria. Bazkarirako txartela aurrez ikasle eta langabetuentzat 10 eurotan, eta egunean 12tan. Langileentzat aurrez 15 eurotan eta egunean 18tan. Txartelak Jim Clarck, Amaia, Txarrantxa eta Orkatz tabernatan daude salgai.

16:00. Umeen gunea Olazko Amaren plazan. Gaztelu puzgarriak eta herriko begiraleak.

17:30. Sokamuturra. Plazan.

19:00. Manifestazioa. Plazatik irtenda.

23:00. Kontzertuak. Habeas Corpus eta Oliba Gorriak taldeak, plazan.

Egun osoan erakusketak, txosna, batukada... egongo dira.