AAM: "Elkartasun Eguna antolatzeko hamaika arrazoi ditugu oraindik ere"

Uztarria.eus 2007ko mai. 7a, 11:05
Larunbat eguerdian bildu ziren hainbat herritar Aitonenan aurtengo elkartasun eguna aurkezteko.

Maiatzaren 26an izango da aurten

Amnistiaren Aldeko Mugimenduak ekitaldi ugari antolatu du eta herritarrei parte hartzeko deia luzatu die

Amnistiaren Aldeko Mugimenduak (AAM) zazpigarren urtez presoen aldeko Elkartasun Eguna antolatu du. Maiatzaren 26an izango da aurten. "Frantziako eta Espainiako gobernuen eskutik Euskal Herriarekiko darabilten ofentsiba errepresiboak eragina du euskal eta iheslari politikoengan. Horregatik, oraindik ere, hamaika arrazoi ditugu Elkartasun Eguna antolatzeko", azaldu zuten antolatzaileek larunbatean Aitonenan emandako prentsaurrekoan.

Egoera horri aurre egiteko "tresna elkartasuna" dela aipatu zuten. "Elkartasuna da urruntasuna eta espetxeetako harresiak gaindituz, errepresaliatuei bizirauteko arnasa ematen diena" diote. Hortaz, hilaren 26an elkartasuna, festa eta aldarrikapen moduan adieraztearekin batera, "estatuek errepresaliatuekiko sortzen duten eskubide zabalketak ere gainditzea" azpimarratu zuten. "Konponbidea euskal herritarron eskubideen errespetutik, hitza eta erabakiaren ondorioz etorriko da eta bide horretan, euskal preso eta iheslarien hitza edo parte-hartzeak bermatuta egon behar du etorkizuna erabakitzeko orduan" diote.

Beraz, konponbidearen aldeko pausoak eman behar direla ikusten dute, eta hilaren 26an herritarrei parte hartzeko deia luzatu die Amnistiaren Aldeko Mugimenduak.

Egitaraua

11:00. 6 kilometroko Elkartasun Krosa. Azkeneko urteetako ibilbide bera izango du. Dortsalak ohiko lekuetan izango dira salgai. Aurrez 6 eurotan eta egunean bertan 8tan. Ondoren, hamaiketakoa eta herriko dendariek jarritako hainbat opariren zozketa.

12:00. Herri kirolak plazan. Azpeitiar gazte taldea, Azkoitia eta Zestoako gazteen aurka.

14:00. Herri bazkaria. Bazkarirako txartela aurrez ikasle eta langabetuentzat 10 eurotan, eta egunean 12tan. Langileentzat aurrez 15 eurotan eta egunean 18tan.

16:00. Umeen gunea Olazko Amaren plazan. Gaztelu puzgarriak eta herriko begiraleak.

17:30. Sokamuturra. Plazan.

19:00. Manifestazioa. Plazatik irtenda.

23:00. Kontzertuak. Habeas Corpus eta Oliba Gorriak taldeak, plazan.

Egun osoan erakusketak, txosna, batukada... egongo dira.

Maindireak balkoietan

Plazatik abiatuko den manifestazioa azpimarratu dute eguneko ekimenik garrantzitsuena bezala eta denek bertan parte hartzeko deia luzatu dute.

Amnistiaren Aldeko Mugimenduak "beharrezkoa" deritzo hilaren 26an Euskal preso eta iheslari politikoak etxera dioten maindireak balkoietan jartzea.