Ingeles udalekuetarako izen ematea zabalik da

Urola Kostako Hitza 2007ko mai. 1a, 11:05

.5 urtetik 11 urtera artekoentzat ingelesezko udalekua antolatu du Ikasberri Azpeitiko Ikastolak

Enjoy Englis Ikastolen Elkartearen Eleanitz proiektuaren barruko eskaintza da

(Urola Kostako Hitza)

Iaz bezala, Enjoy English ingeles udalekua antolatu du Ikasberri Azpeitiko Ikastolak. Udalekua ekainaren 27tik uztailaren 24a bitartean izango da.

Enjoy English Ikastolen Elkartearen Eleanitz proiektuaren barruko eskaintza bat da. Ingeles udaleku honetako begiraleek ez dakite euskaraz eta ezta gaztelaniaz ere, sorterri ingelesekoak dira. Ikastolako ingeles irakasle bat izango da koordinatzailea.

Parte hartu nahi duten ikasleak bi taldetan banatuko dira adinaren arabera: lehen taldean Haur Hezkuntzako 3. mailatik hasi eta Lehen Hezkuntzako 2. maila artekoak sartzen dira, biak barne. Bigarren taldean, berriz, Lehen Hezkuntzako 3. mailatik hasi eta 6, maila artekoak sartuko dituzte, biak barne.

Saioak goizez izango dira, 9:00etatik 13:00etara eta jolasak, jokoak, irteerak eta eskulanak egingo dituzte, beti ere ingelesa ardatz hartuta.

Interesa dutenek Ikasberriko idazkaritzara edota 943 151246 telefono zenbakira jo behar dute. Udalekuak 280 euro balio du eta maiatzaren 4a da izena emateko azken eguna.