Santutxon hasi dituzte auzoa hiritartzeko lanak

Urola Kostako Hitza 2007ko mai. 1a, 11:05
Auzoaren irisgarritasuna hobetzea da lan hauen helburua.

Duela bi aste hasi zituzten obrak

.600.000 euroko aurrekontua dute lanek eta epea, berriz, sei hilabetekoa

(Urola Kostako Hitza)

Santutxo auzoaren hiritartze lanak duela bi aste hasi zituzten. Lehenago hasi behar bazuten ere, azkenean beste lan batzuei eman diete lehentasuna, igerileku irekikoak esaterako. Ondorioz, hilabete batzuk beranduago hasi dira.

Auzoaren irisgarritasuna hobetzea da lan hauen helburua: auzoan dagoen erdiko kaleko aparkalekuak antolatuz, espaloiak txukunduz eta haurrentzako jolas parke txiki bat eginez. Lan hauek sei hilabete luzatuko direla aurreikusten dute. Lanek bi fase izango dituzte eta bata bukatu orduko bestearekin hasiko dira.

Auzoko hiru kaleetatik gorenekoan eta erdikoan hasi dira, oraingoz, eta bi kale hauek arrapala edo aldapa baten bidez lotuko dituzte.

Art enpresa arduratuko da Santutxoren hiritartzeaz eta 600.000 euroko aurrekontua dute lanek.