Joxean Agirreri eta Xabi Bordari Joseba Jaka bekak

Uztarria.eus 2007ko api. 27a, 19:04

Nobela eta poesia arloan eskuratu dute, hurrenez hurren

Agirrek La lutte finale egitasmoa aurkeztu du eta Bordak Zutabe eraitsiak

Gaur jakinarazi ditu Elkar Fundazioak VI. Joseba Jaka bekak, eta Joxean Agirre eta Xabi Borda idazleek bekak eskuratu dituzte. Agirrek nobela arloan jaso du, La lutte finale egitasmoagatik, eta Bordak poesian, Zutabe eraitsiak proiektuagatik.

Bi urteko epea izango dute lana bukatzeko. Agirrek 14.000 euroko beka jaso du eta Bordak 7.000koa.

Eider Rodriguezek, Joxe Azurmendik, Jon Alonsok eta Juan Kruz Igerabidek osatu dute Joseba Jaka beken epaimahaia.

Epaimahaiaren balorazioa

Joxean Agirreren proiektuaz

-"Proiektu sakon bat, gaiagatik bezala nobelaren trazaduragatik, baina sakontasun hori narrazioaren arintasunaren azpian ezkutaturik. Distiratsu, ironiko fin, kalitatekoa lagina.
-Idazle egin eta heldu baten lana, ironia zorrotzekoa, erritmo egokiaz, prosa dotoreaz eta inteligentzia finaz gauzatutakoa, nobelaren tradizioetako baten zainari bete-betean harrapatu eta irakurlerik esijenteena asetzeko modukoa.
-Proiektu ongi taxutua, eta berme handiko lagin batez garatua; oso kontamolde sendoa erakusten du, azkenaldian argitaraturiko lanen mailari eutsiz.
-Protagonistaren ahots indartsua azpimarratuko nuke, eta trama ordez trauma bat, trama bera baino interesgarriagoa. Trauma-tramaren adibide eder bat".

Xabier Bordaren proiektuaz

-"Aberatsa iruditan, irudia bera edo irudien pilaketa baliabide nagusi bihurtzen duena poesian. Proiektuak forma berrien bilaketa probatu nahi du.
-Bizi dugun erreferente-faltaren eta segurantzia zaharren amiltzearekin koherentea den ahots poetikoa bilatzeko ahalegina, horrek eskatzen duen ahalegin estetikoaz jakitun, poetaren eginbeharraren zailaz eta garrantzizkoaz ongi ohartuta.
-Batasun handiko egitasmoa, eta laginean ere oso ondo taxutua; poema bildu eta indar handikoak.
-Ahots bereziki indartsu eta harrigarriki koherentea. Orden eta zentzu estetiko handiko poemak. Dotorezia, finezia, mamia".

Informazio gehiago: Berria