Urritz Iruretagoiena: "Diagnosia egin behar da etxebizitza beharraz"

Urola Kostako Hitza 2007ko api. 25a, 11:04
Urritz Iruretagoiena, Gazte Asanbladako kidea.

Gazte Asanbladakoak gazte manifestua babesteko sinadurak biltzen ari dira

Sinadura hauekin etxebizitzen arazoaz diagnosi bat egiteko dagoen beharra azaldu nahi dugu

(Urola Kostako Hitza)

Azpeitiko Gazte Asanbladak etxebizitzaren gaia pil-pilean dagoen honetan, badu esatekorik. Tabernatan utziak ditu gazte manifestuarekin bat egiteko sinadura orriak. Urritz Iruretagoienak (Azpeitia, 1986) sinadura bilketa honekin lortu nahi dituzten helburuei eta salatu nahi dituzten ekimenei buruz hitz egin du.

Zer da gazte manifestua?

Gazte manifestuak etxebizitza izatea oinarrizko eskubidea dela eta hau indartzen duten zenbait atal biltzen ditu. Aldi berean, etxebizitza arloan zer politika dagoen eta honen erantzuleak zeintzuk diren salatzen du.

Politika horrek zein oinarri ditu, zuen iritziz?

Politika honetaz hitz egitean herritarren beharren kontura onura ateratzen dutenez ari gara. Eta Azpeitian erakunde hori Udala da, erakunde publiko batek ezin dituelako interes pribatuak babestu.

Zer egin beharko luke Udalak?

Gure ustez, alokairu publikoa bultzatu behar luke eta etxebizitzaren arazoari muin-muinetik heldu; herritarren beharrak ezagutu. Azken finean, egungo politikak herritarren zati bat baztertu egiten du, zenbait gaztek ez dituelako gutxieneko soldataren edo kotizatutako gutxieneko urteen baldintza betetzen.

Alokairua aipatu duzu lehen. Erantzuna izango lukeela uste al duzue?

Gure alternatibetako bat alokairu publikoarena da. Ez dakigu, azken finean, zenbaterainoko oihartzuna izango lukeen. Hemen, azken batean, orain arte jabetza pribatua izan da ezagutu duguna. Baina, gure ustez, etxea erosi nahi izatearen kultura urte luzeetan beste aukerarik ez egoteak sortu du.

Zer da, orduan, Udalari sinadura bilketa honekin eskatu nahi diozuena?

Sinadura hauekin gazteen etxebizitza beharren azterketa bat egin beharra dagoela erakutsi nahi diogu Udalari; diagnosi baten beharra dagoela. Eta hau lortzeko, sinadura bilketaz gain, herriko hainbat talderen eta eragileren babesa lortu nahi dugu. Udalean etxebizitza kontuetan gazteok hitza izan behar dugu.

Zein izango zen hurrengo urratsa?

Diagnosi horretako datuen arabera diseinatzea etxebizitza politika, eta ez Udalaren beharren arabera.

Zer esango zenieke irtenbide bakarra Etxebeltz-Izarran ikusten dutenei?

Ez bazaie etxea tokatzen, berdin geratuko direla. Ez duela arazoa konpontzen.