EAk lehen hamar zerrendagaiak aurkeztu ditu

Uztarria.eus 2007ko api. 23a, 14:04
Larunbatean egin zuten EAko lehen hamar hautagaien aurkezpena.

Manuel Unanue izango da zerrendaburua

Egun alderdiak Udalean dituen lau zinegotziak izango dira hautagaien zerrendan aurrenak

Maiatzaren 27an izango dira udal hauteskundeak. Herrian alderdiak ari dira hauteskunde egun horri begira programa eta hautagaien zerrendak osatzen. Joan den asteburuan Eusko Alkartasunak bere zerrendan joango diren lehenengo hamar hautagaiak aurkeztu zituen. Hamar horietan aurrena Manuel Unanue izango da, EAk alkatetzarako proposatu du Unanue.

Joan den legegintzaldian Eusko Alkartasuna alderdiaren bozeramalea izan da Unanue Udalean eta EAJ-EA koalizioaren baitan bigarrena. Aurten bi alderdiak ez dira batera aurkeztuko udal hauteskundeetarako eta, beraz, bere alderdiaren buru bezala aurkeztuko da Unanue datozen lau urterako.

EAk aurrez jakinarazi zuen bere egungo lau zinegotziak izango zirela hauteskundeetara aurkeztuko zuten hautagaien zerrendan aurrenak. Manuel Unanueren hurrengoak izango dira, beraz, Mikel Ibarzabal, Kandido Mitxelena eta Kontxita Martija.

Lau izen horiez gain, beste sei hautagairen izenak ere publiko egin ditu alderdiak. Hurrengo seiak honakoak izango dira: Agustin Lizarralde, Idoia Egiguren, Santi Merino, Maria Angeles Korta, Antton Orbegozo eta Lurdes Ibarguren.

Unanue zerrendaburu izango duen alderdiak etxebizitzaren auzia izango du tratatuko duen gai nagusietako bat. Hirugarren adinekoentzat, Corrugados-ek egun duen gunean San Martin egoitza egokitzeko asmoa eta gazteek drogekin egiten duten gehiegizko kontsumoa izango dituzte hizpide, besteak beste.