Ikuskizuna eta maila handiko gidariak VIII. Ikasberri Rallysprintean

Uztarria.eus 2007ko api. 20a, 00:04
Ezkerretik eskuinera, Gorka Apalantza, Roman Azkue (Ikasberri), Iñaki Alberdi, Javier Pastor (Gulf), Michael del Cid (Lagun Artea), Jose Antonio Araneta (Lagun Artea), Kandido Mitxelena (Udala) eta Iñigo Cuesta (Automobilismoko Gi

Larunbatean, 15:00retan ekingo zaio auto lasterketari

Faboritoen artean daude Santi Artetxe, Gorka Apalantza eta Iñaki Alberdi gidariak

Larunbatean, apirilak 21, jokatuko da zortzigarren urtez Ikasberri Azpeitiko Ikastolaren aldeko laguntza izaera duen Rallysprinta. Bidegoian, Errezil eta Azpeitiko errepideetatik igaroko da eta 15:00retan ekingo zaio lasterketari. Aurten ere maila handiko euskal gidariak izango direla azaldu dute antolatzaileek atzo, asteazkena, Sindikatu Zaharrean egindako aurkezpenean .

Aurtengo faboritoetako bat da iazko irabazlea, Santi Artetxe eta bere kopilotua Sandra Fernandez. Peugeot 307 World Rally Car-arekin lehiatuko da bikotea. Faboritoen zerrenda zabalagoa da, hala ere. Gorka Apalantza da horietako bat. Espainiar Estatu mailan, Mendiko CM probako txapelduna da Errezilgo gidaria. Alokatutako Peugeot 306 Maxi Kit Car batekin aterako da. Faboritoen artean da Iñaki Alberdi ere. Ford Escort WRCarekin lehiatuko da azpeitiarra. Lau urtetan parte hartu du Alberdik Ikasberri Rallysprintean eta lauretan irabazi du. Etxeko bidea izanda Ramon Apalantza ere, Gorka Apalantzaren aita, ezin ahaztu faboritoen artean. Mitsubisi WRCarekin korrituko du errezildarrak.

Bestalde, bi norgehiagokarako ere izango da puntuagarria Ikasberri Rallysprinta: RAC Vasco Navarro probarako, batetik, eta Traseras koparako, bestetik. Iñigo Olabegogeaskoa doa RAC Vasco Navarro probaren buruan Citroen Saxo VTSarekin eta "Lebeiti" dago, momentu honetan , Renault 5 Turbo batekin, Traseras kopako lehenengo postuan.

Proba arratsaldeko 15:00retan hasiko bada ere, aurrez egiaztatze administratiboak eta teknikoak egingo zaizkie autoei. Larunbatean bertan izango da hori, 10:00etan, Garoa kafetegian eta Azpeitiko epaitegiko plazan. 14:00etan itxiko da errepidea Azpeititik Bidegoianera, Errezildik, joateko GI-2634 errepidea. 14:15etatik aurrera eta minutu bateko tartearekin irtengo dute autoek epaitegiko plazatik asistentziara joateko. Hor emango zaizkie makienei azkeneko ukituak. Aipatu bezala, 15:00retan ekingo zaio lasterketari, Bidegoian aldera. Hiru txandatan banatuko da lasterketa. Bigarrengo txanda 16:30ean hasiko da eta hirugarrena, berriz, 17:50ean hastea aurreikusten dute antolatzaileek.

Aurten ere, iaz bezala, Euskadiko Hiru Erregeen Mahaia programan jarraitu ahal izango da norgehiagoka. 16:00retatik aurrera izango da eta irteerarekin eta helmugarekin konexioak egingo dituztela azaldu dute antolatzaileek.

Segurtasuna eta garbitasuna

Lagun Artea Eskuderiak eta Ikasberri Azpeitiko Ikastolak aditzera eman dute proba ikusteko debekatutako lekuak errespetatu eta probaren 13,5 kilometroetan zehar egongo diren komisarioen aholkuak jarraitu ditzaten lasterketara hurbiltzen direnek. Zaborrak botatzeko guneak jarriko dituzte lasterketa egunean. Jendeak gune horiek errespetatu eta erabili ditzan eskatu dute.

Lan taldea

20-25 laguneko lan taldea aritu da lasterketa antolatzen, Ikasberriko gurasoak tarteko. Probaren egunerako, berriz, 125 pertsonek lanerako izena emana dutela jakinarazi dute.