Peñagarikano: "Asegarcek frontoia aukeratzeko galdetu zidan eta neuk proposatu nuen Zarauzkoa"

Uztarria.eus 2007ko api. 19a, 13:04
Kepa Peñagarikano entrenamendurako prestatzen. 2003an ateratako argazkia da.

Larunbatean jokatuko du aurtengo banakako txapelketako aurreneko partida, Barriolaren aurka

"Partida herritik gertu izanda, ikusleek aitzakia txikiagoa dute ikustera ez joateko", dio

Larunbatean jokatuko du "Kepa Peñagarikano":http://www.berria.info/testua_ikusi.php?saila=kirola&data=2007-04-19&orria=032&kont=009 Beizamako pilotariak banakako txapelketa nagusiko bere aurreneko partida aurten. Barriolaren aurka izango da, Zarautzen, Aritzbatalde frontoian, final-zortzirenetakoa. Atzo (asteazkena) hautatu zituzten pilotak. Ikusmina sortuko duen partida izango da, joan den urtean beizamarrak egindako txapelketa ez baitzen izan makala. Final-zortzirenetara iristea lortu zuen eta, Juan Martinez Irujoren aurkako partida irabaztea lortu ez bazuen ere, lanak eman zizkion. Uztarria.com Peñagarikanorekin solasean egon da txapelketako aurreneko partidaren bezperatan.

Guztiz prest lehenengo partidarako?

Teorian, egon beharko nuke. Denbora asko izan dut entrenatzeko eta nik uste dut prest nagoela. Urtarril bukaeran hasi nintzen entrenatzen eta azkeneko bi hilabeteetan ere aritu naiz. Gogoa behintzat, ez da falta lehenengo partida honetarako.

Non egiten dituzu entrenamenduak?

Fisikoa lantzera Gasteizera joaten naiz. Han daukat Asegarceren prestatzaile fisikoa. Gasteizen fisikoa lantzen dut gehienbat, baina batzuetan frontoian ere aritzen gara. Hala ere, frontoian entrenatzera Tolosara joaten naiz gehiago. Olaizola, Zearra eta beste hainbatekin egiten ditut entrenamenduak.

Hirugarren fasean hasiko duzu txapelketa. Barriolak dagoeneko jokatu ditu bi partida. Hori aldea edo desabantaila da zuretzat?

Niretzako ere berrikuntza da txapelketa zuzenean hirugarren fasetik hastea. Aurreko urtean final-zortzirenetara iritsi nintzen eta hori dela-eta hasiko dut aurten txapelketa hirugarren fasetik. Barriolak, berriz, final-hamaseietan bukatu zuen txapelketa iaz eta aurten hasieratik hasi behar izan du. Bi partida jokatu ditu dagoeneko eta txapelketan sartuta dagoela esan daiteke. Hori aldea izan daiteke bere alde, baina posible da eskuko minak eta antzeko arazoak sortzea aurrez bi partida jokatuta. Alde horretatik, aldea nik izango dut. Bere alde onak eta txarrak ditu hirugarren fasean sartzeak.

Nola ikusi duzu Barriola?

Oso indartsu. Xalaren aurka jokatu zuen partida ikusi nuen eta Barriolak nahiko erraz hartu zuen mendean. Kontuan izan Xala ere oso pilotari ona dela.

Iazko banakakoan oso txapelketa ona egin zenuen. Martinez Irujoren aurkako partida asko ikusia eta komentatua izan zen, zure maila ona zela-eta. Gogoratzen al duzu zer sentsazio zenituen iazko denboraldia hasi aurretik eta orain?

Oso gustura gelditu nintzen iazko txapelketako emaitzarekin. Ez nuen espero txapelketa horren ondo joango zitzaidanik. Hauxe izaten da urte guztiko txapelketa garrantzitsuena eta aurreko urtean maila ona ematea lortu nuen. Aurten sentsazio hobearekin nago iazko denboraldi aurretik nuenarekin alderatuz gero. Hala ere, ikusi egin behar.

Frontoiarekin gustura al zaude?

Bai. Asegarcek zuen frontoia aukeratzeko ardura eta, neuri galdetu ondoren, Zarautzen jokatzea erabaki genuen. Neuk hala nahi nuen. Barriola ere ondo aritzen da frontoi horretan. Txapelketako bi partidak bertan jokatu ditu. Partida neure herritik gertu izanda ikusleek ere aitzakia txikiagoa dute partida ikustera ez joateko. Nahiko nuke Azpeitik jendea joatea.

Barriolari irabaziz gero, Martinez Irujo izango duzu aurkaria...

Gogo handia daukat berriro Martinez Irujoren aurka jokatzeko. Hala ere, lehenengo eta behin larunbateko partida jokatu behar eta nahikoa lan emango du horrek.