Udalak Frantziskanetako gunearen bi heren pasatxo eskuratu ditu etxebizitzak eraikitzeko

Uztarria.eus 2007ko api. 18a, 20:04
Frantziskanetako eliza eta komentuaren atzealdean dauden lursailak.

Komentuko lursaila 25.000 metro kuadrokoa da eta Udalak 18.000 metro eskuratu ditu; gainerako 7.000 metroak monjenak dira

Gutxienez 75 etxebizitza eraikiko dituzte hektareako, sei edo hamar urteko epean

Azpeitiko Udalak Frantziskanetako gunearen bi heren pasatxo eskuratzeko hitzarmena sinatu zuen astelehenean Azpeitiko Frantziskotar Kontzepzionistekin (Frantziskanak). Julian Eizmendi alkateak udaletxean gaur arratsaldean (apirilak 18) eskainitako prentsaurrekoan jakinarazi duenez, frantziskanek Azpeitiko Foru Ibilbidean duten komentuko lursailaren 18.000 metro kuadro bereganatu ditu Udalak etxebizitzak eraikitzeko, sei edo hamar urteko epean.

Eizmendik adierazi duenez, finkak 25.000 metro kuadro ditu eta, sinatutako hitzarmenaren arabera, horietatik 18.000 metro kuadro geratu dira Udalaren esku eta gainerako 7.000 metroak komentuarenak izaten jarraituko dute (3.000 metrotan eraikinak dituzte eta 4.000 metrotan inguruko lursailak).

Hitzartutakoaren arabera, gutxienez 75 etxebizitza eraiki beharko ditu Udalak hektareako (10.000 metro kuadroko). Eraikitako etxebizitzetatik %85 Udalarenak izango dira eta %15, berriz, monjei emango dizkiete. Etxebizitzak eraikitzeko unean, monjen esku geratu diren lursailetatik 50 metroko distantziara eraiki beharko du Udalak.

Oraingoz, Udalak 270.000 euro aurreratu dizkie Frantziskotar Kontzepzionistei eta ondorengo bi urteetan 240.000 euro ordainduko dizkiete; 2008ko urtarrilaren 1ean, 120.000 euro, eta 2009ko urtarrilaren 1ean, beste 120.000 euro. Diru kopuru hori etxebizitzak jabetzan ematean deskontatuko diete.

Hitzartu berri duten proiektuaren garapena sei edo hamar urte bitartekoa izango dela aurreratu du Azpeitiko alkateak.

Uztarriak orain dela gutxi jakinarazi zuen Frantziskotar Kontzepzionisten komentuko eraberritze lanen berri

Udalaren asmoak

Eizmendik Udalaren etxebizitza politikako egitasmo berriak ere aipatu ditu. Iturri Txikin, Santutxo auzora igotzeko pasabide alboan, 4.000 metro kuadroko lursailean 28 etxe eraikitzeko asmoa dutela jakinarazi du. Agirre auzoan, berriz, alokairu sozialeko 18 etxebizitza eraikitzeko lanak hastear daudela iragarri du.