Fiskaltzak maiatzaren 2an aurkeztuko du AAS legez kanpo uzteko eskaera

Uztarria.eus 2007ko api. 17a, 19:04

Conde Pumpido fiskalaren ustez, Azpeitiko Abertzale Sozialistak ere "Batasunak sustatutakoa" da

AAS sinadurak biltzen ari da herrian; 500 behar ditu

Espainiako Fiskaltzak gaur (asteartea) jakinarazi duenez, maiatzaren 2an "behar bezainbeste eskaera" egingo ditu ezker abertzaleko hautes elkarteak legez kanpo uzteko udal eta foru hauteskundeetarako, "Batasuna legez kanpoko alderdiak berak sustatutakoak direlako", Candido Conde Pumpido fiskal nagusiak esan duenez. Hautes elkarte horien artean dago Azpeitiko Abertzale Sozialistak (AAS).

Abertzale Sozialisten Batasuna (ASB), EAE-ANV eta Laia Elkarlanean (LAN) ere ikertzen ari direla esan du Conde Pumpidok.

AASk, bide batez, herrian sinadurak biltzen segitzen du hauteskundeetara aurkeztu ahal izateko. Udaletxean eta Notaritzan eman daiteke sinadura, eta AASk 500 behar ditu. Apirilaren 22ra arteko epea dago.

Maiatzaren 27an izango dira hauteskundeak, eta apirilaren 18tik 23ra bitartean aurkeztu beharko dira hautagaiak.