Gu hara eta haiek hona

Urola Kostako Hitza 2007ko api. 17a, 13:04
Aurrerantzean, asteburuetan eta jai egunetan irekiko dute museoa.

Azpeitiko ostatuak eta museoak gustura Aste Santuan izan duten bisitari kopuruarekin

Tren museoan inoizko bisitari kopuru handiena jaso dute: 2.866 bisitari

(Urola Kostako Hitza)

Aste Santukoa bitxia izan ohi da gure gizartean. Izan ere, bertakoak kanpoko lurraldeetara joaten garen bitartean, beste herrialdeetako jende ugarik gure txokoa hautatzen du oporraldi labur honetarako.

Azpeitiko ostatu batzuek adierazi dutenez, aurreko urtean antzeratsu ibili dira bisitariak aurtengoan. LarraƱaga hotela, esaterako, %100 beteta egon da; Loiola hotela, berriz, lehen astean %80 beteta eta bigarrenean %40 beteta. Bietan ere, Euskal Herrikoa ez den jendea hartu dute; LarraƱagan Teruel eta Bartzelona inguruko bisitariak izan dituzte eta Loiola Hotelean, aldiz, Alemaniako bidaiari talde bat eta Euskal Herriko Itzulian parte hartu duen Carting Galicia bizikleta taldeko kideak izan dituztela jakinarazi dute. Alemaniar hauek, dirudienez, Santiagon egonaldia egin ondoren etorri ziren, Loiolako basilika ikusteko asmoarekin.

Eta hoteleko arduradunei jendea zer ikusteko asmoarekin etorri den galdetzean, gehienek Loiolako basilika ikusteko asmoa zekartela erantzun dute. Bide batez, tren museoa ere bisitatu omen dute turistek herrian. Eta, bestetik, kostako herriak eta, batez ere, Donostia ikusteko gogoarekin etorri direla erantzun dute ostalariek.

Herriko museoak

Turistek, bada, Loiolako Etxe Santua, Trenaren Museoa eta Ingurugiro etxea bisitatu dituzte egunotan.

Ingurugiro etxetik jakinarazi dutenez, ez dute bisitari kopuru handiegirik izan egunotan: egunean 20 bat lagun inguru jaso dituzte. Horietako gehienak Loiola ikusi ondoren, bide batez etorri zirela adierazi zuten. Izan ere, museo hau eskolako umeei zuzendua dago batez ere, edonork bisita dezakeen arren.

Tren Museoan, aldiz, inoizko bisitari kopuru handiena jaso dute: 2.866 bisitari. Tren museoko arduradunek bisitari kopuru handia espero zuten eta, horregatik egunean lurrun trenaren lau ibilaldi antolatu zituzten. Ibilaldiek arrakasta izan dute, 1998an ireki zuteneko bisitari kopurua ere gainditu baitu museoak, ordukoan baino 294 bidaiari gehiagorekin.

Ostiral Santua izan zen lurrun trenak bidaiari gehien izan zituen eguna (851 bidaiari) eta Pazko Egunean ere bidaiari ugari (659 bidaiari) izan zen.

Apirilaren 5ean hasi zen denboraldiak azaroaren 4ra arte iraungo du. Aurrerantzean, asteburuetan eta jai egunetan, astelehenetan izan ezik, irekiko dute museoa. Lurrun makinako bidaiak ere egun horietan izango dira. Larunbatetan lurrun trenak 12:30ean eta 18:00etan egingo ditu irteerak eta igande eta jaiegunetan 12:30ean izango da egingo duen ibilaldi bakarra.