Eizmendi: "Udalbiltza batean sinesten dugu, eta ari gara horretarako pausoak ematen"

Berria 2007ko api. 5a, 15:04

EAJk eta EAk kudeatutako Udalbiltzako lehendakariak dio "dudarik ez" duela herritarrek Udalbiltza bat nahi dutela (Berria)

Euria ari du, eta arratsaldeko hiru eta erdiak izanda ez dabil jende askorik Azpeitiko kalean. Plazako kioskoaren hesia aldatzen ari diren udal langileak ia bakarrik daude. Udaletxean ere ez dago mugimendu handirik. Batzar aretoan Azpeitiko alkate Julian Eizmendi esertzen den aulkia dago U formako mahaiaren erdi-erdian, eta atzean, haren bulegoko atea. Mahai gainean Udalbiltzako liburuxka dauka, hango lehendakaria ere bai baita Azpeitiko alkatea; EAJk eta EAk kudeatutako Udalbiltzako lehendakaria.

Ze asmo duzue Aberri Egunerako?

Apirilaren 7rako antolatu dugu ekitaldia, Foruan (Bizkaian). Ezina ekinez egina. Naziogintza bakean, denon artean, errespetuan eta atxikimendu librean oinarrituta leloa izango du, 1999ko Aberri Egunak bezala. Eguerdian ekitaldia egingo dugu, eta gero bazkaria. Igandean beste aukera batzuk izango dira, alderdien Aberri Egunak direla, bakoitzak bere herrian... Baina Udalbiltzak antolatutakoa larunbatekoa da.

Herri guztietako hautetsi guztiei egiten diozue horrako deia?

Bai.

Baita ezker abertzaleak kudeatutako Udalbiltzakoei ere?

Udalerri guztietara helarazten dugu deialdia, eta publiko ere egiten dugu. Hautetsi guztiak gonbidatuta daude Forura joateko, gure ekitaldira.

Herrietan ekimenik antolatuko duzue?

Herri bakoitzean errealitate desberdina dago, eta, beraz, herri bakoitzean dauden aukeren arabera erabaki dute antolatu edo ez. Guk, Udalbiltza moduan, Forurako deia egiten dugu.

Herritar talde batek Aberri Egun bateratua ospatzeko deia egin du, eta Irundik Hendaiara arteko ibilaldia antolatu du, Zazpiak bat. Herri bat gara. Etorkizuna gure esku lelopean. Ze iritzi duzu ekimen horren inguruan?

Guk gure ekimena antolatu dugu, eta geurea egingo dugu, propioa. Noski, ekimen horren inguruan ere hitz egin dugu, eta bakoitzak ikusiko du igandean zer egiten duen. Batzuk martxa horretara joan daitezke, eta beste batzuk alderdien Aberri Egunetan hartuko dute parte.

Aberri Egun bateratua egiteko saiorik ez da izan orduan aurten?

Aberri Egun bateratua 1999an egin zen azkenengo aldiz, ETAk su-etena hautsi aurretik. Su-etena hautsi ostean, bakoitzak bere bidea eman du, eta zioa hor dagoenez, bakoitzak bere deialdiak egin ditu.

Eta aukerarik ez al dago bateratua egiteko?

Uste dut oraindik ere urratsak egin behar direla beste Udalbiltzarekin Aberri Egun bateratua egiteko.

Bi Udalbiltza egoteak ba al du zentzurik?

Udalbiltzak bat behar du. 1998ko su-etenarekin sortu zen, eta urtebeteko ibilbidea egin zuen; hain zuzen ere, 1999ko irailaren 18an egin zen batzar eratzailea. Udalbiltzaren bost printzipioak hor zehaztu ziren. Urte hartako abenduan su-etena hautsi zuen ETAk, eta indarkeria horren inguruan jarrera desberdinak zeudelako, zatitu egin zen Udalbiltza. Zioak hor jarraitzen du, lehen esan dudan bezala. Elkarrekin harremanetan gaude, baina kolaboratzeko eta bat egiteko, indarkeria politikoaren inguruan jarrera garbia eduki behar da. Bide demokratikoak, bake bideak soilik izan behar dute politikagintzan. Eta hori aldarrikatzeaz gain, ETAren inguruan ere jarrera garbia eduki behar da. Bat izan behar du Udalbiltzak, baina bake jokaleku batean behar du izan.

Zatituta egon arren harremanak badituzuela diozu. Zer harreman mota?

Udalbiltza batean sinesten dugu, eta ari gara pausoak ematen. Tartean bilerak izaten ditugu, urratsak egiten ari gara, hitz egiten ari gara, eta helburua bat egitea litzateke. Baina, bake egoeran behar du izan bateratze horrek, edo, bestela, ETA gaitzesten denean; alegia, indarkeria politikoaren inguruan jarrera garbi bat denean. Bitartean, biltzen gara, printzipioak-eta adosten ari gara gerora begira, eta jokaleku horretarako prentsatzen ari gara. Nik uste dut horretan jarraitu behar dugula hitz egiten.

Nazio eztabaidaguneak esan izan du bi Udalbiltzak batzeko saioa egiten ari dela. Zertan daude saio horiek?

Nazio eztabaidagunekoek transmititu izan digute beren hausnarketetan horren beharra ikusten dutela, eta haiekin ere egoten gara tartean. Baina indarkeria politikoaren inguruan jarrera garbia izan behar da. Indarkeria hor dago: Barajasko atentatua, kale borroka... ETAk behin betiko su-etena emango balu, korapilo hau askatu egingo litzateke. Egoera korapilatsu larri hau desblokeatzeko erantzukizun nagusia ETAk du, eta ea behin betiko indarkeria politikoa uzten duten.

Gaur egun su-eten iraunkorrean dago ETA. Aurreko su-etena hautsi zenean zatitu zineten. Ez al da une egokia bat egiteko?

Duela hiru hilabete ikusi genuen zer gertatu zen su-eten horrekin. Larria izan zen gertatutakoa, eta beste horrenbeste izan zen ETAk atera zuen komunikatua. Berak hor jarraituko zuela esan zuen, urratsak nondik nora egiten diren begiratzen, eta berriro ere eskubidea izango duela azpimarratu zuen, berari egoki iruditzen zitzaiona egiteko.

Udaletako legegintzaldia amaitzeko gutxi falta da, eta Udalbiltzarena ere bai. Zer balorazio egiten duzu?

Aberri Egun honetarako azpitituluak dio naziogintzak bakean, denon artean, errespetuan eta atxikimendu librean oinarrituta behar duela izan. Horiek dira azken urte hauetan aldarrikatu ditugun printzipio nagusiak. Guk kargua hartu genuenetik hiru urte eta erdi edo pasatu dira; hauteskunde ostean, azaroan hasi baikinen. Ordudanik honako urte hauek politikoki zailak izan dira. Sartu ginenean Estatuaren eraso bat zegoen. Judizializazioak zeuden, zerrendak baliogabetzeko agintzen zuten epaiak... denbora eman genuen eraso horietara nolabait egokitzen. Denbora dezente behar izan genuen eraso judizialei buelta eman eta barruko sistemak normalizatzeko. Lehen esan dizudan esaldi horretan jasotzen den bezala, guk denbora horretan beti aldarrikatu izan dugu naziogintzak bakean eta guztion artean behar duela izan, eta, beraz, Alderdien Legearen kontra egon gara, eta gaude.

Bestalde, EArekin zenbait desadostasun ere azaldu dira, eta Aralarrekin ere bildu gara, eta badaki naziogintzari dagokionez zein bide eman dugun, zer egin dugun eta nola pentsatzen dugun.

Orain, hauteskundeak datozenez, sentsibilitate guztiak hor egotea nahi dugu, eta seguru nago denon artean indarren erlatibitatea errespetatuz aurrera egiteko oinarri batzuk adostuko ditugula.

Zertan aritu zarete lanean hiru urte eta erdi horietan?

Dudarik gabe, saiatu gara laguntza kudeatzen, batik bat kultura eta euskara arloan, laguntza ofizial gutxien duten lurraldeetan, alegia Nafarroan eta Iparraldean. Proiektu asko bultzatu ditugu hor. Diasporarekin hurbiltzen ere ari gara. Bestalde, proiektu propioak ere baditugu: EITBko antenak-eta jartzen ari gara Nafarroan, hobeto entzuteko; kulturako liburuak... Lan egin dugula uste dut, batik bat aipatutako arlo horietan.

Alderdiek zenbaterainoko eragina dute Udalbiltzan?

Alderdiek sistema honetan eragin garrantzitsua dute, kontzesio ideologiko batzuk islatzen dituztelako. Denok batzen gaitu Euskal Herri batean sinesten dugula, eta Euskal Herri bat eraiki behar dugula, baina desberdintasunak daude nondik nora jo behar dugun. Sentsibilitate ezberdinak daude, alderdi desberdinak daude... eragiten dute, bai.

Ez zaizu iruditzen herritarrek Udalbiltza bateratua eta Aberri Egun bateratua nahiko lituzketela?

Dudarik egin gabe. Behin baino gehiagotan esan dut Udalbiltzak bat izan behar duela. Ez dut dudarik herritarrek hala izatea nahiko dutela, eta berandu baino lehen hala izatea nahi nuke. Seinale ona izango litzateke.