Ramon Etxezarretaren erretiro politikoa

Uztarria.eus 2007ko api. 4a, 14:04
Ramon Etxezarreta, Donostiako Udaletxean, 2002an.

Ez da aurkeztuko Donostiako udal hauteskundeetan

Azkeneko hamabi urtean PSE-EEren zinegotzia izan da, ardura postuetan, eta baliteke orain Foru Aldundira bueltatzea itzultzaile

Ramon Etxezarreta urrestildarrak utzi egin du politika kargua, azkeneko hamabi urtean buru-belarri egon ondoren, Donostiako Udaletxean PSE-EEren zinegotzi izan delako 1995etik. Maiatzeko udal hauteskundeetan Donostiako PSE-EEren zerrenda atzo (asteartea) aurkeztu zuen Odon Elorzak, eta ez dago bertan Etxezarreta. Berak dio kargua utzi duela baina politikan segituko duela. Dena dela, baliteke Gipuzkoako Foru Aldundira bueltatzea lanera, itzultzaile postura.

.1994an afiliatu zen alderdi sozialistan, "Ramon Jauregik hauteskunde autonomikoak galdu eta hurrengo egunean, eta ez irabazi eta hurrengo egunean", zioen Etxezarretak berak Uztarria herri aldizkarian 2002an egindako elkarrizketan. "Egia da pixka bat lehenago manifestu baten babesa azaldu nuela, baina artean pasatzeke nintzen alderdira, ez nintzelako Euskadiko Ezkerrako konbergentziarekin pasatu. Jauregiren politika baskista ikusita afiliatu nintzen alderdi sozialistan, ni bezalako jendearen laguntzaren premia orduantxe zuelako alderdi honek".

Hamabi urtean Elorza alkatearen ondo-ondokoa izan da, eta Udalaren irudi euskalduna, nolabait esatearren; Kultura batzordeburu izan da. Baina Udaleko kontuak ez ezik, gatazka politikoa ere bizi izan du. "Ni Donostiako Udalean sartu nintzenetik oso gertutik sentitu dut gatazka. Orduan, ni hemen sartzea zenbait jendek inoiz ez dit barkatu, traizio bezala hartutako kontua izan zen, eta beste inori baino etsaitasun, herra handiagoarekin eraso zidaten. Baina ez naiz bakarra zoritxarrez, jende asko dago egoera honetan bizi dena".

PSE-EEko kidea izan arren, ez da beti bere alderdiak esandakoarekin edo egindakoarekin ados egon, "ez dituzulako zeure alderdiak egiten dituen gauzak ulertzen, ez duzu guztiarekin bat egiten eta gauza batzuetan ez zaude batere ados". Hala, euskal presoak Euskal Herriratzearen alde azaldu izan da, ezker abertzalearekin hitz egitearen alde, ETAren indarkeria "politikoa" dela esan izan du, alderdian jarrera euskaltzalenetakoak agertu izan ditu, 'Egunkaria'-ren itxieraren kontra idatzi eta manifestazioan parte hartu zuen...

Donostian zinegotzi izan aurretik Azpeitian ere izan zen: 1979tik 1987ra Euskadiko Ezkerretik (EE).

Informazio gehiago

Elkarrizketa zabala Uztarria herri aldizkarian: Gaur egun ez nago autodeterminazioaren alde, baina errespetatuko nuke herriaren erabakia

Uztarriaren mahaingurua: Ramon Etxezarreta, Pako Garmendia eta IƱaki Errazkin. Hirukia geurean

Elkarrizketa informala: Niri ez harrapatu gero txiskerorik edo libururik

ETAren 2006ko su-etenaz artikulua: Hasierako eguna

Bizkartzainekin ibiltzeari buruz elkarrizketa: Gazteentzat ez zara inor, PSOEko kargu bat besterik ez, etsaiaren ordezkaria

Presoen sakabanaketa, estrategia okerra da

Ezker abertzaleaz eta ETAz artikulua: Beti da egun berriaren bezpera