Ezker abertzaleak herrian 500 sinadura behar ditu Azpeitiko Abertzale Sozialistak hauteskundeetan izateko

Uztarria 2007ko api. 3a, 22:04

Tokian-tokian hautes elkarteak sortuko dituzte

Herrian sinadura apirilaren 10etik eman ahal izango da, 22ra arte

Espainiako Fiskaltzak eta Estatuaren abokatuak gaur (asteartea) goizean aurkeztu dituzte Abertzale Sozialisten Batasuna (ASB) legez kanpo uzteko eskaerak, ASB Batasunaren "jarraipena" delakoan, eta ezker abertzaleak gaur arratsaldean bertan beste ekimen bat iragarri du: hautes elkarteak sortzeko sinadura bilketari ekingo dio. Halaxe esan dute arratsaldean Arnaldo Otegik eta Pernando Barrenak.

"Gure kontrako zenbat eta eraso gehiago, are ekimen gehiago hartuko ditugu", adierazi du Otegik. Izan ere, ezker abertzalearen ustez, "prozesu demokratikoa egoteko, beharrezkoa da maiatzeko hauteskundeak demokratikoak izatea" eta hor egoteko hasiko dira hautes elkarteak sortzen. ASBren balizko legez kanporatzea "larria" litzatekeela iritzi dio Barrenak "eta onartezina edozein demokratentzat".

Plataforma denek "amankomunean ezker abertzalearen bi ikur" izango dituzte, izenetik bertatik hasita: abertzaletasuna eta sozialismoa. Hala, herri eta herrialde denetan elkartearen izenaren bukaera Abertzale Sozialistak izango da. Azpeitian, beraz, izena Azpeitiko Abertzale Sozialistak (AAS) izango du.

Dena dela, AASk herrian 500 sinadura beharko ditu udal hauteskundeetara aurkeztu ahal izateko. 2003an ere Habeak sinadura kopuru bera behar izan zuen Azpeitian, eta 1.004 lortu zituen. Baina gero Espainiako auzitegiek legez kanpo jo zuten. Hala ere, Habeak bere botoekin parte hartu zuen udal hauteskundeetan eta 2.027 boto bildu zituen.

Azpeitian apirilaren 10etik eman ahal izango da sinadura. Udaletxean egongo da horretarako aukera, eta ezker abertzaleko kideek Notaritzan ere jarri nahi dute aukera. Hurrengo egunetan jakinaraziko dituzte ordutegiak. Epea apirilaren 22an bukatuko da.

AASrentzat ez ezik, Gipuzkoako Abertzale Sozialistentzat sinadura emateko aukera ere egongo da, hau foru hauteskundeetan aurkez dadin.

Sinadura emateko beharrezkoa

  • Adinez nagusia izatea.
  • Azpeitian erroldatua egotea.
  • Nortasun agiria edo pasaportea aurkeztea.