Lortu du Inazio Arregik burdina Xoxoteraino igotzea

Uztarria.eus 2007ko mar. 31a, 16:03
Inazio Arregi 77 kiloko burdinarekin, gaur eguerdian, Xoxoten San Inazioren estatua azpian, helburua lortu ondoren. (Patxi Gurrutxagaren argazkia)

Loiolatarrak 3.29.40ko denbora egin du eta "gustura" zegoen bukaeran

.77 kiloko burdina eraman du; hurrena Erniora?

Ikusi erronka bideoan

Inazio Arregik bere pisuaren adinako burdina Loiolatik Xoxoteraino igotzeko erronka zeukan gaur (larunbata) eta lortu du. Hiru ordu eta erdi behar izan ditu (3.29.40ko denbora egin du), espero zuen antzera.

Loiolatarrak 77 kiloko burdina eraman du goraino. Goizean Arregik berak pisatzen zuen pisura egokitu dute, aurretik esana zuten bezala; 76,5 kilo pisatu du hark. 2,40 zentimetro inguruko diametroa zeukan burdinak.

Goizeko bederatzietan irten du Loiolatik, San Inazioren estatua dagoen paretik. Ehunen bat lagun zeuden, ikusmiran eta animoak ematen. 12:30ean iritsi da Xoxotera, San Inazioren estatuara.

"Gustura" zegoen bukaeran Arregi erronka betetzeagatik. "Bidean aldapa txarrak igo ditut, hanka-pilotak igotzen zitzaizkidan baina, osatzen nintzenean, berriro gora", esan du.

Lehengo larunbatean egin nahi zuen proba, baina elurragatik astebete atzeratu zuen. Eguraldi ona izan du gaur, astean zehar euri asko bota duen arren.

Bederatzi kilometro daude Loiolatik Xoxotera, eta 900 bat metroko desnibela.

Uztarriak jakin duenez, Arregiren asmoa hurrena burdina Erniora igotzea litzateke. Gaurko proba gainditzea nahi zuen lehendabizi.