Julian Eizmendi izango da EAJren zerrendaburua udal hauteskundeetan

Uztarria.eus 2007ko mar. 30a, 18:03
Julian Eizmendi (argazkian, eskubian), Alex Etxeberria Azpeitiko EAJren lehendakariarekin, gaur, Batzokian.

Aste Santuen ondoren jakinaraziko du alderdiak hautagai zerrenda osoa

Legealdi honetan abiatutako proiektuak hurrengoan garatu nahi ditu Eizmendik

Azpeitiko Eusko Alderdi Jeltzaleak (EAJ) Julian Eizmendi egungo alkatea aurkeztuko du maiatzeko udal hauteskundeetarako alkategai. EAJk martxoaren 27an izandako uri batzarrean aukeratu zuen hura. Alex Etxeberria Azpeitiko EAJren lehendakariak gaur (ostirala) adierazi duenez, "alkate gisa, kudeaketarako duen ahalmenagatik eta sasoi politiko berriaren aurrean duen aldarte moderatu eta adiskidetzaileagatik da Julian Eizmendi hautagai aproposa".

Aste Santuen ondoren jakinaraziko dituzte hautagai zerrenda osoa eta datorren legeadirako programa.

Legealdiaren errepasoa

Batzokian egindako aurkezpen ekitaldian, bukatzear dagoen legealdiaren errepasoa egin du Eizmendik. Horrela, alkate izan den denboraldian "8-10 urteko perspektiba duten proiektuak" abiatu dituela eta, datorren legealdian, horien jarraipena egin nahiko lukeela adierazi du. Etxebizitza politikari dagokionez, Azpeitiko alkateak azaldu du kalifikatutako lurrak aprobetxatzen saiatu direla, errekalifikazio berriak egin aurretik, eta babes ofizialeko etxebizitzak "sustatu" dituztela. Lur industrialaz, "Larre eta Larrineko eremuei datozen urteetan emango zaie konponbidea".

Azpiegitura aldetik, Azpeita-Azkoitia saihesbidearen proiektua onartuta eta adjudikazio fasean dagoela esan du Eizmendik. Horretaz gain, "Gipuzkoako ezaugarri den lurralde oreka bermatzeko" N-1eko lotura bultzatu nahi dute Ezkio-Itsasotik.

Alde zaharra

Alde zaharra eraberritzeko planaren garrantzia azpimarratu du Eizmendik. "Alde zaharra herriaren bihotza da, eta hor dirurik inbertitu ezean, ghetto bilakatuko litzateke". Soreasuko kultur gunea eraikitzea ere garrantzitsua izango da alde zaharrarentzat, haren ustez.

Kirol arloari dagokioenez, Eizmendik esan duenez, "beti jarraitu behar da kirol azpiegiturak hobetzen, Azpeitia kirol asko egiten den herria delako". Bidegorrien plana ere datozen urteotan egingo dela esan du.

Alkate irteten badu, "bizitzako arlo desberdinetan euskaraz bizi ahal izatea bermatzeko" ahaleginetan jarraituko duela esan du.