Etxebeltz-Izarra proiektua "Loiola etxez betetzeko lehen pausoa" dela dio Habeak

Uztarria.eus 2007ko mar. 29a, 17:03

"Babes ofizialeko etxeak egiteko ez dago Loiolabidea etxez bete beharrik, herrian etxeak egiteko toki egokiagoak badaudelako", esan du ezker abertzaleko plataformak

EAJren eta EAren proiektuak kritikatu ditu

Udalbatzarrean onartutako Etxebeltz-Izarrako proiektuaren eta EA alderdiak joan den astean egindako proposamen baketsuaren aurrean, "babes ofizialeko etxeak egiteko Loiolabidea etxez bete beharrik" ez dagoela eta "herrian etxeak egiteko toki egokiagoak" daudela adierazi du Habeak.

Ezker abertzaleko plataformaren ustez, "proiektua Loiola aldera bideratzen den urbanizaketa masiboaren lehen pausoa da". Gaineratu duenez, "Udalak, EAJren bultzadaz, Etxebeltz-Izarrako proiektua onartu eta 320 etxebizitza berri egingo ditu: 208 babes ofizialekoak eta beste 112 libreak". Ildo horretan, EA alderdia "haratago" joan dela deritzo Habeak. "Proposamen baketsua izena jarri eta 10-15 urteko epean etorbide horretan mila etxebizitza egiteko asmoa erakutsi du EAk". Bi ekimenek orain artean ingurune berdea izan dena "etxez beteko" dutela eta "akats handia" dela uste du Habeak. "Etxebizitza beharraren aitzakiaz negozio berriei ateak ireki nahi zaizkie".

Loiolako eremua "erabili gabe" egin daitezke babestutako etxebizitzak, haren ustez. "600 etxe berri aurreikusi dira eremu urbanoan, mila etxetik gora hutsik daude herrian eta Martxial-Frantziskanak eremua libre geldituko da (zortzi urteetan Martxialeneko labe tokia lekuz aldatzea aurreikusten da). Ez du zentzurik Loiola etxez betetzeak".

Herri plataformako kideek gaineratukoaren arabera, "etxe mota asko egin daitezke. Udalaren jabetzako lurretan alokairuzko etxeak egiteko aukera badago. Eta babes ofizialekoak eta tasatutakoak ere egin daitezke".

Promozio pribatua

Etxebeltz-Izarrako proiektua promozio pribatua dela adierazi du, "bertako lur jabeek bultzatutakoa" eta "beharturik" daudela babes ofizialeko etxebizitzak egitera. "Aurreko proiektua atzera bota zuen Gipuzkoako Diputazioak, eta orain beharturik daude babes ofizialeko etxebizitzak egitera, bestela ezin baitituzte etxebizitza libreak egin".

Proiektua aurrera ateratzeko "bertako promotorearen eta Udalaren artean hitzarmen bat sinatu" dela ere azaldu dute. Ondorioz, Udalak urbanizazio "kostuen erdia bere gain" hartuko du eta Habeak jakitera eman du horrek Udalari "izugarrizko dirutza" suposatuko diola urbanizazio kostuetan.