Ziarsolo: "Guk garbi daukagu zer gertatu zen"

Uztarria.eus 2007ko mar. 24a, 12:03
Jon Ziarsolo. "Pasaiko sarraskia argitu" taldeko kidea.

Pasaiko sarraskia argitzeko epaiketak 2000 urtean hasi ziren

Parte hartu zuten bi poliziren izena eman du polizia buruak

(Urola Kostako Hitza)

Pasaian Komando Autonomo Antikapitalistetako lau kide hil zituztenetik 23 urte bete direla eta, gaur omenaldi-aldarrikapen eguna egingo da herrian. Lau horietako bi, Pedro Mari Isart Pelitxo eta Dionisio Aizpuru Kurro, azpeitiarrak ziren. Pasaiako Sarraskia Argitu-ko kide Jon Ziarsolok (Azpeitia, 1977) azalpenak eman ditu.

Nolakoa zen garai hartako giroa?

Komando Autonomoak 1977an hasi ziren, eta 1984an inguruan isildu ziren. Beraz, 1984an azken kideak gelditzen ziren, eta zeudenak klandestinitatean edo sasian, nahiko izorratuta zeuden.

Herrian indar handia izan zuten, ez?

Bai, 1977tik 1982ra herrian indar handia izan zuten, langile batzarretan mugitzen baitziren. Sindikatuak ere orduan hasi ziren.

Zein ziren beraien helburuak?

Independentzia eta sozialismotik aparte, kapitalismoaren aurka eta langile borrokaren alde egiten zuten; klase sozialen eta burgesiaren aurka.

Nolakoak izan ziren segadaren hurrenngo egunak?

Martxoaren 22ko gaueko 22:00ak aldean hil zituzten, eta handik astebetera herrian egurra egon zen: borroka, manifestazioak... Hiletetara ere jende asko etorri zen.

Komando Autonomo Antikapitalisten borroka hori noiz amaitu zen? Zergatik?

.1984 amaieran edo 1985 hasieran bukatu zen. Arrazoia, berriz, errepresioa izan zen.

Noiz hasi ziren epaiketak?

Epaiketak 2000. urtean hasi ziren eta Espainiako Polizia batzuk deklaratu dute. Baina, garrantzitsuena orain dela hiru hilabete egin zuten deklarazioa izan zen: Gipuzkoako Polizia Nazionalaren buruak deklaratu zuen eta operazio hura zuzendu zuen poliziaren eta Pasaian bertan egon zen beste polizia baten izena eman zituen. Eta orain deklarazio horren emaitzen zain gaude.

Eta ezer argitu al da?

Guk badakigu zer gertatu zen, bizirik geratu zen kide Joseba Merinok garbi azaldu baitu: hasieran tiroketa bat egon zen eta Pelitxo eta Jose Maria Izura Pelu bertan hil ziren. Beste hirurak (Rafael Delas Txapas, Merino bera eta Kurro) uretatik atera zituzten. Kurro eta Txapas bertan fusilatu zituzten, eta Merino bizirik utzi. Autonomoek Enrique Casas hiltzeagatik mendekua izan zen.