Litaphar enpresa farmazeutikoak Indiako Dr. Reddy's enpresari saldu dio botika generikoen jarduera

Uztarria.eus 2007ko mar. 21a, 12:03

Reddy Ibérica filialak hartuko du Lithapar-en botika generikoen saila

Ginekologiaren eta Fitoterapiaren sailei eutsi egingo die Azpeitiko enpresak

Dr Reddy's botika generiko eta berriztapenean aritzen den Indiako enpresak Lithapar enpresaren baitako botika generikoen saila erosi berri du. Sarralle talde industrialak kudeatzen duen enpresa farmazeutikoak Orendaundi kalean du egoitza eta bertan dauka produktu generiko propioak sortzeko laborategia.

Salerosketa joan den urteko maiatzean prestatu bazen ere hil honetan burutu da. Izan ere, Dr Reddy´s 1984an sortu bazen ere, Espainiako estatuan Reddy Ibérica filialaren bidez egiten du bere jarduna. Igaro den udan sortu zen Reddy Ibérica eta oraindik espainiar estatuko merkatuan parte hartzeko baimenik ez zuela eta orain burutu da Lithapar-en produktu generikoen erosketa.

Kontratuak araututakoaren arabera, Reddy Ibérica estreinatu bitartean - 2007 urte erdi aldera arte aurreikusia-, Azpeitiko enpresa arduratuko da logistika eta zerbitzuen banaketaz.

Produktu generikoen jardueraren zati bat utzi arren, Ginekologiaren eta Fitoterapiaren sailei eutsi egingo dio Lithaparrek.